Nafarroa hiribidean bidegorria eraiki nahi du Udaleko Mugikortasun Sailak
Otsailaren 23an elkartuko da Mugikortasun Aholkularitza Batzordea
Mugikortasun Sailak lehentasun bat du urte honetarako: Nafarroa hiribidean bidegorria egitea. Aukera desberdinak aztertzen ari dira eta otsailaren 23an egingo duten Mugikortasun Aholkularitza Batzorderako proposamen zehatz bat aurkeztuko dutela aurreratu dio Jon Albizu udaleko Mugikortasun zinegotziak Irutxuloko Hitzari.
Nafarroa hiribidea ekialdeko auzoetatik –Altza, Herrera, Intxaurrondo…– nahiz inguruko herrietatik –Pasaia, Errenteria…– datozen txirrindulariek Erdialde eta hiriko gainontzeko auzoekin duten lotura da. Orain arte, Galtzara Zaharreko eta Zurriolako bidegorriak lotzeko egin diren saiakera antzuak izan dira. Udaleko Mugikortasun Saila, hortaz, aukerarik aproposenaren bila lanean ari da azken lau hilabeteetan. Sei proposamenen artean lanean aritu direla aditzera eman du Albizuk. Irtenbiderik egokiena bilatzea, ordea, ez dela erraza izaten ari onartu du zinegotziak.
Nola edo hala irtenbideren bat bilatzea «ezinbestekoa» dela jakinarazi du Mugikortasun Saileko arduradunak. Edozein egunetan istripuren bat gertatzeko arriskua dagoela esan du. Udan, batipat, txirrindulari ugari ibiltzen dira errepidean edota espaloi gainean. Nafarroa hiribidean autoek darabilten abiadura kontuan hartuta, arriskutsua dela nabarmendu du.
Errepidean aldaketak
Honenbestez, Mugikortasun Sailak mahai gainean duen egitasmoak aurrera eginez gero, errepidean aldaketak egin beharko dira bidegorriari lekua egiteko.
Bidegorria, baina, ezin dela edozein tokitan jarriko zehaztu du Jon Albizuk. Errepidean eta espaloian zein eragozpen sor ditzakeen ondo neurtu beharra dagoela adierazi du. Hiribidea apaintzen duten farolak, esaterako, ezin direla dauden lekutik mugitu esan du. Zirkulazio handiko hiribidea izanik, bertatik igaro eta geratzen diren autobus eta taxiei ere ezin zaiela endredorik sortu gaineratu du. Hori guztia gutxi balitz, gasolindegi bat eta jende etengabe sartu-irten dabilen kultur etxea du Groseko bide nagusienetakoak.
Hiru aste barru Mugikortasun Aholkularitza Batzordeko kideei aurkeztuko dieten egitasmoa burutzeko dirua egongo dela ziurtatu du Mugikortasun zinegotziak, halaber; diru sarrera eskasek inbertsioetarako tarte txikia utziko baitute aurten.
30 Gunea
Nafarroa hiribidean bidegorria egitearen ideia ez da berria. Aurretik, Ernesto Gasco udaleko Mugikortasun zinegotzi zenean, txirrindularientzat bidea bereiztea erabaki zuten. Bidegorriaren harira, baina, zalaparta handia sortu zen; batetik, autoak aparkatzeko lekuak kendu zirelako kexu ziren batzuk, eta bestetik, bidegorria izanda ere, txirrindulari askok espaloitik jarraitzen zuten. Elorzak, beraz, iazko udaberrian bidegorria kentzea erabaki zuen. Alternatiba, Grosen ezarritako 30 Gunea da. Eremu horrek mugatzen dituen kaleetan bizikletak errepidetik ibil daitezke. Hortaz, Ategorrietako Galtzara Zaharretik Zurriolara joan behar dutenek Jose Arana kaletik barrena Bermingham kalera jo behar dute Zurriolara iristeko.
Bidegorri zuzenik ez badago, nahiz eta espaloitik joan, txirrindulariek bide motzagoak aukeratzen dituztela uste du Albizuk. Mahai gainean duten egitasmoarekin bizikletek beren lekua izatea espero du zinegotziak.


