Sekulako lorpena egin du Jon Zulaikak
Jon Zulaika donostiarrak Estatu Batuetako zesta punta txapelketa garrantzitsuenetakoan parte hartuko du
Jon Zulaikak lehen aldiz parte hartuko du Estatu Batuetako zesta punta txapelketa batean, aukeratua izan baita. Gorenerako bidean doa gazte donostiarra, izan ere, adituen arabera, gauzak ongi joaten bazaizkio, urte gutxi barru goiko mailan aritzeko moduan egongo da. Zehazki, RB Challengean lehiatuko da Zulaika, Estatu Batuetako pilota egutegiko txapelketa garrantzitsuenetakoa. Zulaikaren bikotea Israel Asiain puntista nafarra izango da. Aieteko Mikel Egigurenek dagoeneko ibilbide mardula du zesta punta profesionalean, eta berak ere ez du hutsik egingo. Jonathan Hernandez gasteiztarra izango du bikote Egigurenek. RB Challengea otsailaren 18an izango da, Orlandoko Seminole pilotaleku historikoan.
Aipatzekoa da Zulaika, 20 urteko gazte donostiarra, Estatu Batuetan egiten ari den ibilbidea. 2010eko abenduan egin zuen debuta Dania Jai Alai pilotalekuan. Ordutik bere maila hobetzeko aukera izan du eta pixkanaka geroz eta puntista hobeagoen aurka lehiatzeko aukera izan du.
Zortzi bikote indartsu
Goreneko puntistek jokatu berri duten Citrus Tournament delakoaren errebantxa moduan hartzen dute askok oraingo txapelketa. Beraz, donostiarrek badute euren onena ematea, zerbait lortu nahi badute. Kiniela sistemarekin jokatuko dituzte, banakako zein binakako tituluak. Guztira, zortzi bikotek parte hartuko dute lehian, eta hamar tantu lortzen dituen lehen bikoteak lortuko du titulua. Honakoak momentuz jakinak diren zazpi bikoteak: Miami Jai Alai (Goikoetxea-Lopez), Dania Jai Alai (Erik-Enbil eta Zulaika-Israel), Dania-Miami (Angel-Cisneros), Orlando Jai Alai (Olabe-Larru, Egiguren-Hernandez, Foronda-Alliez II).
Zortzigarren bikotea zeintzuk osatuko dute oraindik ez dakite. Iaz, Goikoetxeak eta Lopezek osatutako bikotea izan zen irabazlea binakako lehian. Buruz burukoan, berriz, Solozabal nagusitu zen aurrelarien artean, eta Alliez atzelarien artean. Lehia guztiak Internet bidez jarraitzkeo aukera egongo da, www.orlandojaialai.com webgunean.

