Enpresa proiektu erakargarriena osatzeko lanean ari dira 22 gazte
Egitasmorik onenak Kaliforniako Silicon Valleyra joateko astebeteko bidaia lortuko du
Ekintzaile izateak saria izan dezake. Donostiako Sustapen Elkarteak 18-30 urte bitarteko gazteak euren ideiak enpresa egitasmotan bilakatzeko jomuga du eta, Banesto Fundazioarekin elkarlanean, Yuzz proiektua garatu dute. 22 gazte donostiar ari dira, programa horren baitan, euren ideia berritzaileak enpresa proiektu bilakatzeko lanean eta egitasmo erakargarriena aurkezten duenak Kaliforniako (AEB) Silicon Valleyn astebete igaroko du.
Google edota Apple enpresen egoitzetan gora eta behera ibili eta munduko beste gazte ekintzaile batzuekin harremanetan jartzeko gogoz dagoena Juan Felipe Fonseca da. Yuzz programaren laguntzaz, esku artean duten ideia atera nahi du aurrera. 20 urteko gaztearen hitzetan, «musikari eta ekoizleak harremanetan jartzeko tresna sortu nahi dugu; produktu berriak sortzeko, musikariak elkarren artean harremanetan jartzeko balioko luke baita ekoizle eta sortzaileen arteko zubi gisa ere». Juan Felipek enpresak gidatzeko ikasketak egin ditu; informatika kontuetan, ordea, ezer gutxi dakiela onartu du. Bada, Yuzz programak «informatika aholkuak eman dizkit eta komunikazioan trebatzen lagundu dit», nabarmendu du. Era berean, gainontzeko ekintzaileekin proposamenak partekatzeko aukera izan duela jakinarazi du.
Kalifornia aldera, baina, 22 ekintzaileen artean bakarrak egingo du hegan. Ekainera arte izango dute, Sustapen Elkartearen laguntzaz, enpresa proiekturik txukunena prestatzeko denbora; uztailaren 7an emango dute AEBetara joango den irabazlearen izena. Saritutako gazteak Yon San Martinen pausoak jarraituko ditu. Hegaldietan zehar informazioa igortzeko sistema izan zen San Martinek iaz aurkeztu zuen egitasmoa.
Yuzz programan, Donostiaz gain, beste 21 hirik hartzen dute parte. Guztien artean hautatutako hiru proiektu onenek 10.000, 20.000 eta 30.000 euroko saria jasoko dute enpresa abian jartzen laguntzeko.
