Hotza gainetik astintzeko egitarau zabala dute hilaren 16an hasiko diren inauteriek
Udaberriari ongi etorria egin eta lozorroan dagoen natura esnatzeko festa da inauteria. Kalean dagoen giro hotzarekin inoiz baino zarata handiagoa egin beharko da aurten udaberria esnatzeko. Mozorro irudimentsua soinean jarrita, natura astinduko duen musika, dantza eta zalaparta nahikoa egiteko jarduera sorta «oparoa» izango dela ziurtatu du Nerea Txapartegi udaleko Kultura ordezkariak. Egitaraua prest dago. Askori, berriz, mozorroa erabakitzea faltako zaie. Azken unean ibiltzen zaleak direnek gaur zortzi bitartean dute buruari eragiteko aukera.
Hilaren 16an iritsiko da Momo Jainkosa hirira. 38 urteko Susana Vicente Redondo altzatarrak Juan Karlos Izagirre alkateari atseden eman eta hiriaren ardura hartuko du bost egunez. 19:01etan helduko da hiria eta Parte Zaharretik ibiliko da Los Pasairen musika lagun duela. Kalerik kale ezingo da gehiegi luzatu 19:31n Amara Plaza hotelean egon beharko duelako. Bertan emango dizkiote hiriko giltzak.
Ostiralean, konpartsen aurkezpena egingo dute Konstituzio plazan. 19:16etan hasiko den aurkezpenera joan aurretik Viktoria Eugenia antzokitik aterako da Momo Jainkosa. Inauteriek, eraikinaren urteurrena dela-eta, antzokiari egin nahi dioten oparia dela azaldu du Nerea Txapartegik. Viktoria Eugenia eta Konstituzio plaza arteko bidea batukada lagun egingo duela zehaztu du Kultura ordezkariak.
Momo Jainkosaren begiradapean ez bada ere, inauteri giroa hiriko auzo eta herrietara zabalduko da. Lanpernen eta Lorezainen konpartsak 20:01etan aterako dira Erdialdeko eta Parte Zaharreko kaleetatik. Tantai konpartsa, berriz, 20:31etan abiatuko da Loiolatik. Intxaurrondon Betiko Zuhaitz izango da musika dantzagarriaz arduratuko dena eta Bidebietan Thamessis konpartsaren emanaldia izango da 22:01etan.
Egunik handiena larunbata izango da. Goizez, arratsaldez eta gauez nahi adina jardueren artean aukeratu ahal izango da. Nerea Txapartegik, hala nola, kantu jira eta bertsoak uztartuko dituen inauterietako saio berezia nabarmendu du. 12:01etatik aurrera ibiliko dira Parte Zaharreko kaleetan barrena. Larunbatean eta igandean Kontxa pasealekutik eta Bulebarretik Kixote Parodia egingo dutela adierazi du, halaber.
Haur festa
Haurrak ez dira hotzaren beldur izan behar, Antzoki Zaharrean egingo dutelako aurten inauteri festa. Gari, Montxo eta Joselontxorekin barre egin nahi dutenek, baina, aurrez gonbidapenak lortu behar dituzte. Asteartean jaso behar dira Donostia Kulturak Konstituzio plazan dituen bulegoetan. Festan parte hartzeko baldintza bakarra mozorroturik joatea izango da.
Antzoki Zaharrera hurbilduko ez diren haur nahiz helduak, alegia, herritar guztiak ostegunetik igandera mozorrotzera animatu ditu Nerea Txapartegik. Mozorroturik eta kalean sor daitezkeen ezusteko ekintzetan parte hartzeko prest egoteko eskaera egin du.


