San Marko Mankomunitateak modu iraunkorragoan nola erosi irakatsiko du
Parte hartu nahi dutenek hilaren 17a arte izena eman dezakete; ondoren, 100 etxe hautatuko dituzte.
Hiri hondakinen sorrera murrizteko, San Marko Mankomunitateak Ekoshopper doako aholkularitza zerbitzuan parte hartzeko aukera emango die 100 familiari. Personal shopper-aren jardunean oinarrituta, ekoshopperrak, arropa eta irudi kontuetan lagundu beharrean, erosketak egiterakoan ahalik eta hondakin gutxien sortzeko aholkuak emango ditu.
Ekimen berritzailea da, eta mankomunitateak partaide dituen hamar udalerrietan jarriko du martxan. Esperientzian parte hartuko duten 100 etxeen aukeraketa irizpide batzuen arabera egingo dute, Mankomunitateko etxeen errealitatea islatuko duen irudia lortzeko xedez. Herria, sendiaren kide kopurua, adinak, errenta eta erosketarako erabiltzen dituzten saltoki mota aintzat hartuko dituzte. Ekimenaren aurretik eta ondoren sortutako zabor kopurua neurtuko dute; eta amaitzean, boluntarioen esperientzian oinarrituta, prebentzioa ahalbidetzen duen aholkuak herritar guztiei zabalduko dizkiete.
Parte hartzeko otsailaren 17a baino lehen izena eman behar da, 943-670249 telefonora deituta, www.sanmarko.net wenguneko galdetegia beteta, Facebook orriaren bidez (Ekoshopper Gipuzkoa), edo Twitterren (@ekoshopper) bitartez harremanetan jarrita. Hilaren 20tik aurrera hautatuei zerbitzua ematen hasiko dira.
