Donostiako Sustapenak 195 enpresa sortzen lagundu du
Elkarteak 250.000 euro bideratu zituen iaz ekimen berriak diruz laguntzeko; 1.400 euro enpresa bakoitzeko
Krisiak ez du norberak bere enpresa sortzeko gogoa zapuztu. Urtetik urtera gehiago dira buruan duten ideia irabazpide bilakatu nahi dutenak, eta laguntza eske Donostiako Sustapena elkartera jotzen dutenak. Iaz 1.001 lagun hurbildu ziren elkarteak Goikoa jauregian dituen bulegoetara, eta jasotako proposamen guztien artean 195k lortu zuten enpresa bilakatzea. Ekimen horiek 270 lanpostu sortu dituzte.
Gehienak zerbitzu eta ostalaritza sektoreekin lotura duten enpresak izan dira. Pixkanaka, hala ere, ari dira estrategikoagoak diren sektoreetan egitasmoak sortzen. Iaz sortutakoen artean, %14 sar daitezke estrategikoekin zakuan. Horien baitan ikus-entzunezkoen arloak du indar gehien (%5).
2010. urtearekin alderatuz, aldaketa handirik ez dela izan zehaztu dute Sustapen elkarteko arduradunek. Iaz, 205 enpresa inguru sortu ziren. Langabezia tasak behera egiteko inongo trazarik ez duen egoera honetan, ordea, norbere kasa lanean hasteko gogoz direnen kopurua hazi egin dela nabarmendu du Euken Sese Donostiako Sustapena elkarteko gerenteak. 2010ean, 600-700 lagun hurbildu zirela adierazi du; aurten, berriz, 1.000 izan dira.
Sustapena elkarteko kideei aurkeztutako ideien bostenak lortu du egia bihurtzea. Horretarako, aholkularitza eta laguntza ekonomikoa jaso dute ekintzaileek. Aurkeztutako ideiak aurrera egiteko aukerak dituenean, juridikoki eta finantziazio arloan eman beharreko pausoak zeintzuk izan beharko luketen azaltzen diete. Enpresaren abiapuntu izango den plana osatzen laguntzen diete, halaber. Iaz, 258 lagunek egin zuten plana. Aholkularitzaz gain, Donostiako Sustapenak 250.000 euro bideratzen ditu negozioa abian jarri ahal izateko. Laguntza ekonomikoa garrantzitsua dela jakinarazi du Sesek, banketxeetan mailegu bat lortzea «zaila» dela onartu baitu. Kopuru horretatik enpresa bakoitzak 1.400 euro jasotzen ditu batez beste.
Behin enpresak aurrera egin duela mantentzeko aukera handiak dituela esan du Donostiako Sustapeneko gerenteak: «Enpresa abian jarri eta bi urteren ondoren lanean jarraitzen dutenak %90 dira».


