Iazko isun kopurua 2010ekoa baino txikiagoa izan dela dio udal gobernuak
Isun kopurua 2010ekoa baino txikiagoa izan da; egindako kobraketa, aldiz, eraginkorragoa izan dela azaldu du Javi Vitoria udaleko Ogasun ordezkariak. Era horretan, herenegun, Denis Itxaso PSE-EEko zinegotziak egindako kritikak argitu nahi izan ditu Vitoriak. Denis Itxasok trafiko isunekin bildutako dirua aurreikusitakoa baino %50 gehiago hazi zela azaldu zuen. Jon Albizuk Mugikortasun zinegotziak, baina, «PSE-EEk egindako araudia bete besterik ez dugu egin», salatu du.
Urteotan jarritako isunen bilakaeraren berri eman du Javi Vitoriak, 2010koarekin alderatuz, kopuruak behera egin duela egiaztatzeko. «2009. urtean jarritako zigorrak 240.387 izan ziren; 2010ean, 251.627 eta iaz, 230.195». Isun kopuruak, horrenbestez, behera egin duela nabarmendu du Vitoriak. Izan ere, «isunek ez dute dirua biltzea xede, jokabide aldaketak bultzatzea baizik», jakinarazi du.
Zigor kopuruak behera egin du, baina bildutako txanpon kantitateak gora egin du. Kobratzeko sistema hobetu dutela, eta isun horiek ordaintzerako orduan «zorrotzagoak» izan direla arrazoitu du Ogasun ordezkariak. 2009an trafiko isunekin 2.278.589 euro pilatu zituzten; 2010ean, 3.546.259 euro lortu zituzten; eta iaz, 4.682.076 euro.
Denis Itxasok 5,5 milioi eurotan biribildu zuen isunek iaz egindako diru ekarpena. Kopuru horretara iristeko, ordea, trafiko isunak ez ezik, hirigintzarekin (254.920 euro) eta beste alor batzuetako isunak (589.707 euro) gaineratu behar direla zuzendu du Javi Vitoriak: “Urtetik urtera behera doa, halaber, TAO sistemaren arauak urratzen dituzten gidariei jarritako isunekin jasotako dirua”, gaineratu du Ogasun ordezkariak.
Azken hiru urteetako bilakaera honakoa izan da: 2009an, 193. 028 euro eskuratu zituzten; 2010ean, 174.351 euro eta iaz, 157.227 euro. Radarrak diren lekuan, era berean, jendea arreta gehiagorekin dabilela erakusten dute udal gobernuak eskainitako datuek. 2010ean, 771 isun jarri zituzten hilabetean; iaz, berriz, 398 isun hilabetean.
Hortaz, isunek izan duten bilakaerari erreparatuta, «herritarrak itotzeko inongo asmorik ez» dutela azpimarratu du Jon Albizu Mugikortasun zinegotziak. PSE-EEko kideei, era berean, «koherentzia pixka bat» eskatu die. «Autoak abiada bizian dabiltzan kaleetan edota bigarren ilaran aparkatzen duten lekuetan neurriak hartzeko eskatzen dutenean, araudiak betetzea beharrezkoa dela diote sozialistek; orain, berriz, araudia ez betetzea nahi dute», adierazi du Mugikortasun zinegotziak.
