Hamargarren Goyarekin, Oscarren zain dago Alberto Iglesias
Musika onenaren saria jaso du egile donostiarrak; Soler eta Gaztanbide ere saritu dituzte
Pedro Almodovarren La piel que habito filmarentzat egindako lanagatik, Alberto Iglesias konpositore donostiarrak bere ibilbideko hamargarren Goya saria lortu du. Izan ere, Goya sariak banatu zituen Espainiako zine akademiak, igande gauean, eta musika onenaren saria eman zioten Iglesiasi. Gainera, datorren igandean, Los Angelesen izango da Iglesias. Izan ere, El topo filmarentzat egindako lanagatik hautagaia da Oscar sarietan. Hollywoodeko akademiaren hirugarren izendapena du jada.
Donostiar gehiago ere saritu zituzten Goyetan. Karmele Soler makillatzaile donostiarra bosgarren izendapena jaso zuen, eta La piel que habito filmean egindako lanagatik saritu zuten. Bestetik, Michel Gaztanbide gidoilariak sari garrantzitsuenetakoa eskuratu zuen, Enrique Urbizu zuzendariarekin batera. No habra paz para los malvados filmarekin gidoi onenaren saria lortu baitzuen. Gregorio Muro zinemagilea ere izendatua zegoen, baina ez zuen animazio onenaren saria lortzerik izan.
