Neguko Aterpeko zerbitzua urte osoan eskaintzea aztertzen ari da udal gobernua
Erakundeek gizartean ahulenak direnen ondoan egon behar dutela eta Ongizate Sailak krisiaren ondorioak pairatzen dituztenen beharrei erantzun behar diela nabarmendu du Jon Albizu Ongizate zinegotziak. Hori dela eta, aurten eta ondorengo urteetan orain arte eskaini diren zerbitzuak mantentzea izango dute helburu. Behar gehien duten horiek laguntzeko ahaleginean, baina, Ongizate Sailak beste pauso bat eman nahi du. Jon Albizuren hitzetan, Neguko Aterpea «udako eta gainontzeko urtaroetako aterpe bilakatzea nahi dugu».
Udalak Marrutxipiko Abegi Etxea eta Zorroagako Neguko Aterpea ditu kale gorrian bizi direnak laguntzeko baliabide. Marrutxipikoa urte osoan dago zabalik; Zorroagakoa, berriz, neguan bakarrik. «Neguko Aterpeko zerbitzua zabaltzeko zein aukera dauden aztertu behar dugu», dio Albizuk.
Erabakita dago, berriz, Loiolako Erriberan ongizate zentro bat zabaltzea eta Zuhaiztiko kiroldegian dagoena handitzea. Loiolako Erriberako ekipamenduaren proiektua egiteko 30.000 euro bideratu dituzte. Zuhaiztiko zentroa handitzeko, 210.000 euro.
Horiek eta beste hainbat beharrei erantzuteko, 23.127.000 euroko aurrekontua izango du Ongizate Sailak aurten. Iaz baino ia 400.000 euro gutxiago. Kopuru horretatik bi milioi euro umeak Musika eta Dantza Eskolan eta Oporretan Euskaraz bezalako ekimenetan izen eman nahi dituzten gurasoek jasotzen dituzte. Gastuei aurre egin ezin dieten herritarrei bideratutako laguntzak dira.
Jon Albizuk Ongizate Sailaz gain, Mugikortasun Sailaren ardura du. 33.544.909 euroko aurrekontua kudeatuko du.
Autobus geltokia
Kopuru horren herena Donostiabusek bereganatuko du. Autobus konpainiak sortzen duen zorrari aurre egiteko 12.381.769 euro bideratuko dituzte. TAO sistema eta mugikortasunarekin lotutako beste zeinbait zerbitzurekin jarraitzeko zortzi milioi euro bideratuko dituzte.
Inbertsioek, berriz, nabarmen egin dutela behera jakinarazi du Mugikortasun zinegotziak. Inbertsiorik garrantzitsunen artean egongo da autobus geltokia. Azpiegitura eraikitzeko 7.312.000 euro bideratu dituzte.
Proiektua abian jartzeko diru ekarpena zein izango den zehaztu du udal gobernuak. Atotxan ala Loiolako Erriberan eraikiko duten jakiteko oraindik itxaron beharko da, Albizuk ez baitu egiten ari diren azterketen inguruko xehetasunik eman.
Gainontzeko inbertsioen inguruan ezer gutxi aurreratu du Mugikortasun zinegotziak. 30 guneak handitu, bidegorri sarea zabaldu edota bizikletaren erabilera bultzatzeko egingo diren kanpainetarako 250.000 euro izango ditu Mugikortasun sailak. Zinegotziak gehiago zehaztu ez duen arren, Ategorrietako Galtzara Zaharreko eta Zurriolako bidegorriak lotuko dituen Nafarroa hiribideko bidegorria egitea lehentasunetako bat izango zela nabarmendu zion Jon Albizuk Irutxuloko Hitzari.
Txartel bakarra
Nahiz eta Donostiako Udalaren egitekoa ez izan, txartel bakarra egia bihurtzeko pauso erabakiorrak ematea izango da Gipuzkoako Garraio Agintaritzak aurten izango duen betebehar nagusietako bat. Udala agintaritzako kide denez, 150.000 euro inguru emango ditu «txartel bakarra abian jartzeko» azpimarratu du Jon Albizu Mugikortasun zinegotziak.


