Zuatzuko ikus-entzunezkoen gunearen erdia dago beteta
Zuatzuko ikus-entzunezkoen guneak duela urtebete ireki zituen ateak. Puntako teknologiaz hornituta, ikus-entzunezkoen sektorean lanean ari diren enpresen habia izateko jaio zen otsailaren 16an eta pixkanaka ari da koskortzen. Egun, 28 enpresa ari dira Ikus-entzunezkoen gunean lanean; Zuatzuko bi eraikinetan, aldiz, beste 32 enpresa sartzeko lekua dago oraindik. 2012ari ekin baino lehen, lokalen %60 beteta egotea espero zuten Donostia Sustapeneko arduradunek; aurreikuspenak, ordea, baikorregiak izan ziren, doi-doi erdia betetzea lortu dutelako.
Nahiz eta aurreikuspenak bete ez, Euken Sese Donostia Sustapeneko gerenteak «lorpen handia» izan dela azpimarratu du. Krisi ekonomikoa bete-betean dela, ikus-entzunezkoen gunean 28 enpresa egotea ez dela makala adierazi du. Martxoa bukaerarako kopuru horrek gora egingo duela eta lokalen erdia baino gehiago beteta egotea espero du Donostiako Sustapenak. Zuatzura ahalik eta enpresa gehien hurbil daitezen, 230 enpresetan ekimenaren berri ematen egon direla azaldu du Sesek. «Horietatik 36k adierazi dute Zuatzura joateko prest egongo liratekeela», dio.
Enpresa Zuatzun kokatzeko pausoa eman zutenak Ikasplay enpresakoak izan ziren. Hartutako erabakiarekin pozik daudela aitortu du Joanes Gonzalez de Txabarri Ikasplayeko kideak. Enpresen kudeaketarako, denbora antolatzeko edota jakintza berrietan trebatzen laguntzeko bideo jokoak sortzen aritzen dira Ikasplay enpresan eta eraikin berean sektoreko enpresa desberdinekin lanean aritzeak lankidetzarako aukera berriak zabaldu dizkietela nabarmendu du Joanes Gonzalez de Txabarrik. Hala nola, bideo jokoetan musika sartzeko eta film batetik abiatuta joko bat sortzeko egitasmoak garatu dituztela kontatu du.
Proiektu eta aukera berriak sortzeko jarduera mordoa antolatu ditu Donostiako Sustapenak –ikus-entzunezko gunearen baitan– hurrengo hilabeteetarako. 30 ekimen baino gehiago izango dira eta enpresa eta profesional lehiakorragoak izaten laguntzea dute helburu. Teknologia, teknika eta programa digitalen inguruko azken berrikuntzak ezagutzeko jardunaldi eta topaketak egingo dituzte, baita enpresen kudeaketa hobetzeko ikastaroak ere.
Jarduera horiek, gainera, enpresa desberdinetako profesionalak elkar ezagutzen eta egitasmo berriak abiarazten lagun dezaketela azpimarratu du Euken Sesek.
