"Musika dantzagarria eta alaia" osatu du Jimmy Bidaurretak
Jimmy Bidaurreta musikari donostiarrak ‘Dantza Baltza’ bildumako laugarren diskoa kaleratu du
Dantza Baltza disko bildumako laugarren lana kaleratu du Jimmy Bidaurreta musikariak (Donostia, 1971), Jimmy Bidaurreta Meets Viorica izenpean. Aurreko hiru lanek bezalaxe, Gaztelupeko Hotsak disko etxearen zigilua du honek ere. Azken batean, musika traidizionala egungo soinuetara moldatuta eskaini du Bidaurretak Dantza Baltza bildumaren bidez. Gaztelupeko Hotsakeko Joxe Felix Azkarateren hitzetan, «musika dantzagarria eta alaia» topa daiteke diskoan.
Aurreko diskoetan, Luis Mariano, Jesus Guridi edo Tito Puente musikarien sorkuntzak moldatu zituen, besteak beste. Hala, jatorrizko bertsioetatik urrundu eta pop izaera eman zien. Lan berria, lau abestik osatzen dute: Tombola, The Look of Love, Phycho eta ser-G. Lehenengo hiru abestiak, beste musikari batzuek sortutako abesti ezagunen bertsioak dira, Augusto Alguero, Burt Bacharach eta Barnard Hermann musikarienak, hurrenez hurren. Tombola , Marisol abeslariak ezagun egin zuen kanta da, eta Viorica Atanasov abeslari moldaviarrak jarri dio ahotsa oraingoan. Gainera, abesti hori Bidaurretak zuzentzen duen Gasteiz Big Bandek interpretatzen du. The look of love abestia, berriz, balada erromantikoa da, eta James Bonden Casino Royale filmean agertu zen. Abesti hori ere Atanasovek abestu du. Phycho, berriz, izen bereko Alfred Hitchock zine zuzendariaren filmaren soinu banda da; eta Bidaurretak musika elektronikora eraman du.
Diskoko azken abestia, ordea, ser-G izenekoa, musikari donostiarrak berak film labur baterako sortutakoa da; eta bertan, lehen aldiz, abesten ausartu da. «Bitxia da nik abesti bati ahotsa jartzea eta ilusioa ere egiten zidan halako zerbait egiteak», onartu du Bidaurretak.
Musikariak oso argi dauka diskoa biniloan bakarrik eskuragai zergatik jarri duten . «Formatuan krisian dago, digitalizazioa geroz eta handiagoa baita. Biniloak prentsa berezituagora gerturatzen nau, eta lau abesti izanik, eskuragarriagoa da». Gainera, biniloan kaleratzeagatik, Londreseko eta Japongo merkatuetara hurbilduko dela azaldu du.
Bere hurrengo lanean ere dagoeneko pentsatzen ari da Bidaurreta, eta agian uda aurretik bukatu dezakeela uste du. Viorica Atanasovekin elkarlanean jarraituko duela dio, eta lan pertsonalago bat aurkezteko asmoa duela.
Ibilbide oparoko musikaria
Bidaurreta pianista bezala egin da ezaguna, eta Euskal Herrian jazz, funk eta musika elektronikoa zein latinoarekin aritu da lanean. Hala ere, bere ibilbidean, musikaren beste adar batzuk ere ukitu ditu. Izan ere, zinema eta antzerkirako musika konposatu du eta ekoizpen lanak egin ditu beste artista batzuentzat. Javi P3z donostiarra eta Makala dj-arekin ere lan egin izan du. Gainera, 2008an, bere bakarkako lehen lana kaleratu zuen, Cosmonaut Camel, musika etnikoaren esparrura hurbilduz.
Gaur egun, Gasteiz Big Bandeko zuzendaria da, eta fagot irakaslea ere bada.



