Hirietako baratzeen aukerak aztergai, udalbatzar aretoan
Cristina Enea Fundazioak antolatuta Iñigo Segurola paisajista donostiarrak hiriko laborantzei buruzko hitzaldia emango du, gaur, udalbatzar aretoan.
Azken urteetan hazten doa norberak bere barazkiak ekoizteko zaletasuna. Hiritarrek baratzarekiko duten loturaren eta beharraren isla dira Altzan edota Ulian, lurralde antolaketatik kanpo, dauden baratza okupak edo legez kanpokoak. Horrekin jabetuta, Cristina Enea Fundazioak, udatik hona, nekazaritza eta laborantzari buruzko LandArea egitasmoa gauzatu du. Honen azken bi saioak gaur egingo dituzte. Batetik, udal teknikari eta gizarte eragileei zuzendutako mintegia egingo dute; eta bestetik, Iñigo Segurola (Donostia, 1967) paisajistak Hiriko laborantzak hitzaldia emango du udalbatzar aretoan, 19:00etan. Saio irekia izango da, eta honek iraun artean haurtzaindegi zerbitzua izango da.
Hiri laborantzen jatorria eta ibilbidea azalduko du Segurolak. Euskal paisaiaren parte diren baserrien jatorria XVII. mendean dago. Ordura arte, Kantauri isurian ez zen nekazaritza lantzen, bideragarria ez zelako. “Izurri bubonikoaren ondorioz, krisi fisiko eta ekonomikoek landaratzea eragin zuten, eta Ameriketatik ekarritako artoak baserria sortzea ahalbidetu zuen. Lur eremu bat landuz, nekazaritzaren bidez, bizi ahal izateko lortzen zuten”, azaldu zuen donostiarrak gaurko hitzaldiaren aurkezpenean.
Gogoratu zuenez, historikoki, krisiek nekazaritzara itzultzea eraman dute. “Bi Mundu Gerren ondorioz, norberaren kontsumorako nekazaritza bultzatu zen; eta Kuba egun, elikagaien faltagatik, auzolan baratze eredu oso interesgarria dute. Egungo krisiak nora eramango gaituen ez dakigu, baina ez legoke gaizki autoekoizpen nekazaritzari indarra ematen hastea”. Ildo horri jarraituz, bere hitzaldiak donostiarren artean baratza izateko nahia piztea espero du.
Kogestioa eredu
Donostiako baratze ereduei dagokienez, hiriaren natur ezaugarriek “lur okupetan” baratzak egitea ahalbidetzen dutela argitu zuen paisajistak. Izan ere, ohikoa den euriari esker, “ureztatzeko putzurik ez da behar, nahikoa da estalgarria eta bidoia izatea”. Eraikitzearen ondorioz, horrelako lur sailak galtzen joan direnez, baratza hauek gutxitu egin dira. Martutenen, Arteleku eta espetxearen artean, auzolan baratzeak ikus daitezkeela ere aipatu zuen hizlariak; baita Ekoguneak abian jartzeko asmoa duen 150 bat baratzeko sarea. Hala ere, Segurolaren ustez jarraitu beharreko eredua, kogestioarena da: “Auzotarren ekimenak erakundeen babesarekin gauzatu, eta baratza horien kudeaketa auzotarrei uztea”.
Donostiarraren hitzaldia, Cristina Enea Fundazioak egunean zehar egingo duen mintegiaren amaiera ekitaldia izango da. Ingurumen Baliabideen Etxean, laborantzek hiri eremuetan dituzten aukeren berri emango dute; besteak beste, Katalunian, Gasteizen edota Madrilen aurrera daramatzaten proiektuak aurkeztuz. Fundazioko Iraunkortasun Behatokiaren zuzendari Manu Gonzalezek azaldu zuenez, “lurraren funtzio anitzei buruz birpentsatu behar da. Gogoeta egin eta eredu horiek aukera gisa proposatu”.
Jardunaldian bi “gordailu” sortzea proposatuko du Gonzalezek. Batetik, ezagutza gordailua, gaiari buruzko baliabide eta esperientziekin osatua. Cristinaenea.org webgunearen bidez eskuragarri jarriko dute, eta ekarpenak egiteko aukera izango da. Bestetik, hazi trukerako gordailua egingo dute. Norberak ezagutzen dituen haziak beste batzuekin trukatzeko.



