Peyroux, Gardot, Barron eta Jones ere izango dira Jazzaldian
‘An evening with two pianos’ taldeak lau pianista batuko ditu ‘Mostly Monk’ ikuskizunean
Jazzaldiaren 47. ekitaldian izango diren artisten izenak aurreratzen ari da pixkanaka-pixkanaka antolakuntza. Hiru emakume abeslari izango direla helarazi zuen atzo: Melody Gardot, Madeleine Peyroux eta Sharon Jones. Bestetik, Jazz piano jotzaile ezagunenetakoak ere izango dira. Zehazki, ‘An evening with two pianos’ izeneko taldean belaunalditako lau pianista elkartuko dira, ‘Mostly Monk’ izena duen ikuskizunean: Kenny Barron, Mulgrew Miller, Eric Reed eta Dado Moroni. Uztailaren 19a eta 23a bitartean izango da Jazzaldia.
Duela hilabete, Antony (Et Incarnatus euskal orkestrarekin) eta Bobby McFerrin izan ziren jaialdiak iragarritako lehen izenak, Jamaican Legends, Yellowjackets, Ray Gelato, Marc Ribot, Ninety Miles eta Peters taldeekin batera. Aurreko astean berriz, Quebec-eko Orkestra-gizonen Orkestrak Tom Waitsen musika joko zuela jakinarazi zuten. L’Orchestre d’Hommes-Orchestres du jatorrizko izena Quebeceko taldeak, eta uztailaren 21ean eta 22an Viktoria Eugenian izango da.
