Karlos I.eko sarbidearen ordezkoa Urumeako autobidea dela dio Ramon Gomez PPko udal bozeramaileak
Amarako hiribidea gurutzatzeko, zebra bidea jartzeko eskatu du PPko bozeramaileak
Hamabi urte dira PPko udal ordezkariak Amarako Karlos I.aren hiribideko errepidea deuseztea aldarrikatzen ari direla. «Astun xamarrak» izan direla onartu du Ramon Gomez udal taldeko bozeramaileak, baina Amarako auzoa «bitan banatzen» duen errepidea pasealeku bilakatzeko orain aitzakiarik ez dagoela esan du bozeramaileak. «Sarbide berri bat eraiki artean, Karlos I.aren hiribideko errepidea behin behineko irtenbidea izango zela esan zuten», dio Ramon Gomezek.
Dagoeneko behin betiko irtenbideak eraiki dituztela esan du: «Urumeako autobidea eta bigarren ingurabidea dira». Karlos I.aren hiribideko sarbidearen ordezkoak direla erantsi du. Hori dela eta, Karlos I.aren sarbidea deusezteko pausoak azkartzearen aldekoa da PPko bozeramailea, hiriak Amarari «asko zor» diola uste baitu.
Gainera, Karlos I.a ordezkatzeko orain arte proposatu diren alternatibak –Errondo Gaina kalearekin edota Begiristain doktorearen pasealekuarekin egin nahi zituzten loturak– beharrezkoak ez direla zehaztu du, «Urumeako autobidearekin eta azken urteetan egin diren gainerako errepideekin nahiko izango litzateke», Gomezen iritziz. Azpiegitura horiekin gastatuko litzatekeen «bostenarekin» Amarako plazak txukundu daitezkeela proposatu du.
Hori guztia azaltzeko eskutitza bidali dio Ramon Gomezek Juan Karlos Izagirre alkateari. Eskutitzaz gain, PPko udal taldeak erakunde adierazpena prestatu du, Karlos I.a eraldatzeko pausoak ematen diren bitartean, errepidea gurutzatu ahal izateko pasabidea jar dezatela eskatzeko. Eustasio Amilibia kalearen parean, semaforoz kontrolatutako oinezkoentzako zebra bidea jartzea proposatu du Gomezek, «oinezkoek kalearen beste aldera joateko lur azpiko igarobidetik pasa behar izan ez dezaten». Aldaketa hori egiteko diru askorik ez dela behar erantsi du.


