Zubiaurreko pasabidea Adifen laguntzarekin egiteko eskatu du EAJk
Udal gobernuaren proposamenak Txaparrene pasealekua txikituko lukeela dio Martin Ibabe zinegotziak
Zubiaurre pasealekuko 39aren parean Renfeko trenbideak gurutzatzeko pasabidea dago. Egoera aproposean ez zegoelako, pasabidea itxi zuen, eta berriagatik ordezkatzea erabaki du udal gobernuak. Oinezkoentzat bide berria egiteko, Herri Lan eta Proiektu sailak proiektu bat osatu du eta 2012ko aurrekontuan 124.000 euro bideratuko dutela azaldu du Martin Ibabe EAJko zinegotziak. Udal Gobernuak esku artean duen proiektuaren arabera, Renfeko trenbideak kudeatzen dituen Adifekin elkarlanean aritzeko asmorik ez dute erakusten eta zinegotzi jeltzalearen iritziz, irtenbiderik egokiena bilatzeko «beharrezkoa» da Adifen laguntzarekin egitea.
Udal gobernuak proiektua bere kasa gauzatuko balu, pasabidea egin ahal izateko, Zubiaurre pasealekuko autobus geltokia lekuz aldatu eta Txaparrene pasealekua txikituko luketela ohartarazi du. Hortaz, Intxaurrondoko bi pasealekuetan aldaketarik txikiena eragiteko, irtenbide hobea bilatu daitekelakoan, Adifekin elkarlanean aritzeko proposamena egingo diote jeltzaleek udal gobernuari.
