1980ko musika mugimenduak hartu du Ernest Lluch
Marivi Ibarrolaren argazki erakusketa, mahai-inguruak, zinema eta kontzertuak ere izango dira
Marivi Ibarrola argazkilariak 1980ko hamarraldian ateratako 80 argazkik osatzen dute Lo juro por los Ramones erakusketa. Garai hartako gazteria eta musika mugimendua islatzen dute irudiek. Ostiral arratsaldean zabaldu zuten Ernest Llucheko erakusketa. «Oso zaila izan da argazki onenak aukeratzea, denak jartzeko estadio osoa beharko nuke», adierazi zuen Ibarrolak aurkezpenean. Usandizaga Institutuko diseinu ikasleek bultzatu dute erakusketa. Hala, Amarako kultur etxearekin elkarlanean Aitziber Mas ikasleak erakusketako komisario lana egin du, eta fanzine bat ere osatu du, besteak beste. Ibarrolaren Yo dispare en los 80 liburua ere ikusgai izango da erakusketan. Liburuan, argazkiekin batera, garai horiek bizi zituztenen adierazpenak bildu ditu egileak.
Erakusketaren aitzakiarekin, 80 zuzenean izeneko zikloa zabaldu du Amarako kultur etxeak. Hala, maiatzaren 10a bitartean, beste hainbat ekimen egingo dituzte: Hitzaldiak, mahai-inguruak, zine kinkia… baita bi talde bereziren kontzertu bana ere. Zehazki, No eta Speed taldeek eskainiko dituzte kontzertuak, zikloari bukaera emateko, maiatzaren 10ean, 23:00etan, Amarako Atabal tabernan. Gaur, Roman Gubernek El cine de los 80 hitzaldia emango du.
‘80 ‘zuzenean’ jarduera zikloa. Egitaraua:
- Maiatzaren 10era arte. Lo juro por los Ramones, Marivi Ibarrolaren argazki erakusketa. Astelehenetik ostiralera, 16:00etatik 20:30era, eta larunbatetan, 17:00etatik 21:00etara.
- Gaur, martxoak 20.Hitzaldia, Roman Gubern, El cine de los 80. Alberto Moyano izango da aurkezlea. Ernest Lluchen, 19:30ean.
- Martxoak 26. Luis Antonio de Villena, Tribulaciones y exitos de la poesia en los 80. Ernest Lluchen, 19:30ean.
- Apirilak 19. Salda Badago filmaren proiekzioa, Ernest Lluchen, 18:15ean. Ondoren, 19:30ean, Euskal Herriko rockari buruzko solasaldia: Alberto Bocos, Elena Lopez Agirre, Roberto Moso eta Josu Zabala. Moderatzailea, Iñaki Zarata.
- Maiatzak 3. 80ko pop donostiarrari buruzko solasaldia: Rafa Berrio, Chelis Lanzagorta, Javi Pez eta Diego Vasallo. Moderatzailea: Gregorio Galvez. Ernest Lluchen, 19:30ean.
- Maiatzak 9. Barcelona era una fiesta underground (1970-1980) eta Si yo fuera tu, me gustarian los Cicatriz ikus-entzunezkoen proiekzioa, Ernest Lluchen, 19:15ean.
- Maiatzak 10. No eta Speed taldeen kontzertua, 20:00etan Ernest Lluchen eta 23:00etan, Amarako Atabal tabernan.


