Igoera lortzeko bigarren aukera bat izango du Pegamo Bera Berak
Madril CRCren aurka galdu ostean, Hernanirekin lehiatuko da Donostiako errugbi taldea igandean
Ohorezko Mailara igotzeko, orain arte lagun izan duen Hernanirekin jokatu beharko du postua Pegamo Bera Berak. Izan ere, bi talde gipuzkoarrek maila igoera lortzeko lehen aukera galdu dute. Orain, bien artean lehiatzea baino ez zaie geratuko. Asteburu honetan bertan jokatuko dute elkarren aurkako joaneko partida, Hernaniko Landare zelaian. Itzulerakoa, ordea, aurrerago izango da, apirilaren 14ko asteburuan, Anoetako estadio txikian. Ondoren, irabazleak Ohorezko Mailako azken sailkatuaren aurka joan-etorrikoa jokatu beharko du, apirilaren 22an eta 29an.
Ohorezko B Mailako bere multzoan bigarren postuan geratu ostean, Ohorezko Mailarako igoera lortzeko sailkatu zen Pegamo Bera Bera. Lehen aukera bat izan du, Madril CRC taldearen aurka, joan-etorriko partida jokatuta, baina ez du helburua lortu. Izan ere, martxoko lehen asteburuan, Anoetan 27-23 galdu zuen Donostiako taldeak, eta joan den igandean, berriz, berriro ere galdu zuen, 15-16. Igandean Madrilen jokatutako partidan, bukatzeko bi minutu falta zirenean, garaipena eskuan zuen Pegamok, 10-16ko markagailuarekin. Hala ere, Madrilek azken unean egindako mele batek Pegamoren ametsa zapuztu zuen.



