Eusko Treneko langileek apirilaren 16an egingo dute hurrengo greba
Lan uzteak egin zituzten atzo Eusko Treneko langileek. Lau orduz eten zuten zerbitzua enpresa arduradunen erabakiekin bat ez datozelako. Goi karguak izendatzen jarraitzen dutela eta enpresaren irudia aldatu nahi dutela leporatu diete enpresa arduradunei. Apirilaren 16an egingo dute hurrengo greba eguna.
Hendaia-Lasarte eta Donostia-Bilbo tren zerbitzuen eta hiritik irteten diren Eusko Tren autobusen eguneroko martxari eragin zien atzoko grebak. Lan uztea, baina, ez zen egun osokoa izan. Goizean , 09:00etatik 11:00etara egin zuten geldialdia eta, arratsaldean, 17:00etatik 19:00etara. Gutxieneko zerbitzuak %30ean finkatu zituzten.
