‘Baserriko esnea’, Egiako parkean
Hain zuzen ere, landa eremuaren garapenerako elkartea da Behemendi, eta Donostiako eta Oarso Bidasoako baserritarrak biltzen ditu. Hori dela eta, hiriko hainbat ikastetxetara joan dira Baserriko esnea zertan den azaltzera. Idurre Zugazagasti izan da egitasmoaren arduraduna, eta berak esandakoaren arabera gustura gelditu dira izandako harrerarekin. «Donostiako bospasei ikastetxetan izan gara, eta datorren ikasturtean berriro egiteko gogoz gelditu gara».
Lehen hezkuntzako haurrei Behemendiko teknikari batek emandako azalpenek eta prestatutako unitate didaktikoak osatu dute egitasmoaren tarte teorikoa. Esnearen ontasunak, berau baserrietan ekoizteko moduak, eta etxeetaraino egiten duen bidean gertatzen direnak azaldu zaizkie haurrei.
Umeek ikasi dutenez, San Markos gotorlekutik gertu dagoen Bordazar baserritik, eta Igeldoko Ondazartetik eramandako esneaz betetzen dira hirian dauden bost makina esne-saltzaileak.
Baserriko edangarri zuriaren prozesu osoa ikusteko aukera izan dute parte hartu duten ikasleek. Zugazagastik azaldutakoaren arabera, «baserrietara egindako bisitak izan dira haurrek gehien gozatu dutena».
Ikasleek egindako lanak Unitate didaktikoaren edukiak biltzen dituen liburuxka, baserrietara egindako bisitetako baten bideo erreportajea eta honen guztiaren harira ikasleek egindako eskulanekin erakusketa osatu dute. Esne kaxak eta jogurt poto hutsak erabilita, ikasleek egin dituzte erakusgaiak. Baserria eta bertako behiak irudikatu dituzte klase bateko umeek; beste batekoek, berriz, gaztelua.
Erakusketa xumea bezain alaia osatu dute, beraz, egitasmoaren arduradunek. Ikusi nahi duenak Egiako parkera jo beharko du apirilaren lehena baino lehen.

