Bakartxo Tejeria: "Independentziaz hitz egiten dugunean, galdera da ‘nola?’"
Bakartxo Tejeria; EAJ alderdiko hautagaia
Bere hautagai nagusia lehendakaria ez izatea onartu behar izan zuen EAJk, lehen aldiz, 2009ko hauteskundeen ondorengo akordioengatik; orain, berriro ere gobernura iritsi nahi du.
EAJko Gipuzkoako zerrendako bigarren hautagaia da Bakartxo Tejeria (Larraul, 1971). Villabonan hezia da, baina Donostian bizi da duela hamaika urte ezkondu zenetik. Bere zaletasunak bere bi haurrekin denbora igarotzera murrizten direla dio, denbora faltagatik. Irrifarra ahoan duela jaso du Irutxuloko Hitzaren bisita, bere alderdiak hirian duen egoitzetako batean. Sendotasunez erantzun ditu galderak, dioenaz oso ziur, eta elkarrizketak aurrera egin ahala, indar handiagoa hartu du bere solasaldiak.
Zuzenbide ikasketak dituzu, eta abokatu eta epaile lanetan aritu zinen politikan sartu aurretik, ezta?
Bai, Zuzenbide ikasketak egiten ari nintzen bitartean, bake epaile aritu nintzen. Ikasketak bukatzean, Donostiako bulego batean egin nituen praktikak, eta ondoren, Tolosan, bulego bat ireki nuen beste abokatu batzuekin. Ordurako, Villabonako Udaleko zerrendan sartzeko gonbita egin zidan alderdiak, eta zinegotzi postuan egon nintzen. Zinegotzia nintzela, legebiltzarkide ere izan nintzen, eta gero, legebiltzarrean nengoela, alkate ere izan nintzen. Azken lau urteetan legebiltzarrean aritu naiz.
Zein zaletasun dituzu?
Kirola egitea gogoko dut, baina azkenaldian denbora gutxi izaten dut. Familiarekin egon nahi izaten dut, baina lan honetan oso ordutegi arraroak izaten ditugunez, etxera berandu iristen gara. Horretara mugatu dira nire zaletasunak, nire haurrekin eta senarrarekin egotera.
Nolakoa izan da legebiltzarkide bezala izan duzun esperientzia?
Hiru legegintzaldi bete ditut, eta oso desberdinak izan dira guztiak. Legegintzaldi sutsuagoak egon dira, batik bat, estatutu berria onartu genuenean, kontsulta onartu genuenean… Ibarretxe lehendakaria zenean, bestelako emozioa zuen legebiltzarrak, eta benetako erabakiak hartu genituen. Azken lau urteetan ez da ezer handirik egon, iniziatiba gehienak oposizioak bultzatu ditu, gobernuak ez du ezer ekarri. Hasieran, alderdi konstituzionalistek gehiengoa zuten; ondorioz, nahi zutena ateratzen zuten, haserretu diren arte. Azken hilabeteetan txispa piska bat izan dugula esan daiteke, baina hortik aurrera, ezer gutxi.
Nola laburbilduko zenuke orduan PSE-EEren agintaldia?
Geldiera bat izan da. Oposizioak behartu du gobernua mugitzera. Marketinaren gobernua izan da, gauzak egin gabe ekartzen zituzten eta hori nabaritu egiten zen. Bi momentu egon dira; hasieran, PP eta PSE-EE alderdiek gehiengoa zuten, eta aurkezten zena aurkezten zutela bat zetozen, ados ez bazeuden ere. Gero, harremana apurtu zutenean, dena oso gaizki egotera igaro zen; osasuna, hezkuntza… Guk gure bidetik jarraitu dugu.
Zer espero duzue datozen hauteskundeetan?
Legebiltzarrak abertzale isla handiagoa izango dutela uste dut, eta hori desio dut. Horrek beste kutsu bat ekarriko du. Orain, gehiengoa konstituzionalista zen, baina badakigu hori faltsua zela, aurrez Alderdien Legea erabiliz jokalari bat kalera atera zutelako. Orain, aspaldi honetan ez bezala, alderdi guztiek egoteko aukera izango dugu lehian.
Gizartearen egoera ez da batere xamurra, krisia dela eta; kaleratzeak, langabezia… Zein da zuen apustua lehenik eta behin egoera hobetzeko?
Inoiz ez bezala, krisi ekonomiko latz baten barnean gaude. Ez da gure kontua bakarrik, orokorra da, ia Europa osoan baitago. Baina horrek ezin du izan oztopo guk hemendik gurea lantzeko. Gure lehentasuna egoera honetatik ateratzeko beharrezko pausoak ematea da. Garbi ikusten dugu ekonomia gelditzen ari dela, eta guztiz geratzen bada dena eroriko da. Hori ez gertatzeko, ekonomia suspertu behar dugu, eta garbi dugu enpresei lagundu beharko zaiela, lana sortu dezaten, eta langileak kontratatu ditzaten.
Espainiako Gobernutik datozen murrizketen aurrean zer?
Guk esan dugu behin baino gehiagotan ezetz. Zorra kontrolatu beharra dago, jendea oso lasai ibili baita gastua egiten eta zorra sortzen, eta zorpetzea ez da txarra, beti ere, ongi zorpetzen bazara. Oraingo neurriek ez dute emaitzik eman, eta luzera emango dituela esaten dute, baina ez dakit.
Krisi egoeran kolokan egon daitezke AHTa eta errauste planta bezalako proiektuak? beharrezkoak dira?
Beharrezkoak bai, lehen beharrezkoak izan badira krisia egoteak ez du esan nahi beharrezkoak ez direnik. Azken batean, Abiadura Handiko Trena eta erraustegia ez ditugu defendatzeagatik defendatu, eta ez ditugu makroproiektu moduan ikusten, baizik eta ekonomia sustatzeko modu bezala, eta gainontzeko lurraldeekin harremanetan jartzeko. Erraustegia, esaterako, beharrezkoa da, bestela zer egingo dugu zaborrarekin? Urte asko eta gero, errauste planta ikusten dugu aukera onena, beti ere, aurretik birziklatu ondoren, berrerabili ondoren, eta murriztu ondoren. Hori ez da batzuk orain asmatu duten kontua. Ni bere garaian mankomunitateko presidentea izan nintzen, eta duela 12 urte abiatu genuen guztia. Gaur egun, gauden tasa horietan bagaude, norbaitek lana egin duelako da.
Zer egingo duzue zezenketekin?
Ni zezenketen aurka nago. Nire alderdian iritzi desberdinak daude eta ni guztiz aurka nago. Egia esan, gero eta zezenketa gutxiago daude, eta geroz eta gutxiago egongo dira. Gai polemikoa da, eta ez dakit zer egin beharko den.
Independentziaren alde borrokatuko duzue?
Independentziaz hitz egiten dugunean, galdera da ‘nola?’. Aldarrikatzea oso erraza da, baina hori nola egiten den badaki norbaitek? Ez du inork erantzunik ematen. Guk defendatzen dugu, eta bere garaian legebiltzarrean aurkeztu genuen estatutu berria. Erabakitzeko eskubidea aldarrikatu genuen, eta gehiengo absolutuaz legebiltzarrean aurrera atera genuen. Ezker abertzaleak hiru boto utzi zizkigun, ez denak. Gero, Madrilera joan ginen, eta ezezkoa jaso genuen. Mugarria jarrita dago. Batzuk indarkeriaz defendatu dute orain arte independentzia, eta orain ez diet entzun nola egin behar den. Ez da hain erraza, ez da hain galdera sinplea. Estatuarekin berdintasunean egon nahi dugu; herri bat gara, gure nortasuna, kultura, hizkuntza eta ohiturak ditugu; eta gure erabakitzeko eskubidea nahi dugu.
Nola ikusten duzue Katalunian gertatzen ari den mugimendu independentista?
Ondo. Gertatu dena da herritarren babesa izan dutela. Baina Katalunian ere egoera ekonomikoak bultzatu du egoera. Beti egon da sentimendu hori, baina, orain egoera larriaren aurrean, gutxienez guk dugun kontzertu ekonomikoa nahi dute. Nik uste dut Estatuak entzun beharko diela, ez entzutea kalterako izango da.
Indarkeria aipatu duzu lehen. Hauek ETAren borroka armaturik gabeko hauteskundeak izango dira.
Lehen aldiz, ETA gabeko hauteskundeak izango ditugu. Hainbeste urte eta gero, badirudi jabetu direla bide armatuak herri honi ekarri dion bakarra sufrimendua izan dela, eta nahikoa dela. Bake egoera batean gaude, hori pozik egoteko modukoa da, eta lan egin behar da aurrerantzean atzera bueltarik izan ez dezan.
Euskara bultzatzeko baduzue egitasmorik?
Euskara gure hizkuntza da, eta euskaldun egiten gaituena; herriarentzat aberastasuna da. Kosta egiten zait jendeak euskarekiko grin gehiago ez izatea. Egia da geroz eta jende gehiagok dakiela euskaraz, baina erabilera bultzatu behar da. Saiatu behar gara bultzatzen, ez dakienak ikasteko eta dakienak erabiltzeko.
Donostiari begira zerbait egin daiteke gobernutik?
Gobernuak hainbat proiektutan parte hartuko du. Tabakalera, Zinemaldia, metroa… eta eragina izango du. Berrikusi egin beharko dira, eta udala, aldundia eta gobernuaren artean adostu beharko dira.
Zergatik eman behar zaio botoa EAJri?
Botoa EAJri emateko arrazoi asko egongo lirateke. Ibilbide luzeko alderdia gara, urte askotan egon gara kudeatzen eta une askotan erakutsi dugu momentu txarrenetan ere badakigula erabakiak hartzen eta aurrera ateratzen. Gure herrian beste askotan baino hobeto bagaude, alderdiak gehienean agindu duelako izan da. Ez gara perfektuak, baina fidagarritasuna daukagu, lanerako grina, taldea, eta berriro ere egoera txar honetatik atera nahi dugu.