Añorga Txiki eraldatuko lukeen proiekturik egokiena saritu dute Museum Cemento Rezolan
Proiektu guztiek Añorgako Geltokia gunearen birsokuntza dute ardatz.
ESAZU proiektuak eraldaketa behar bereziak dituen auzoetan garatzen ditu bere proiektuak. Prozesu parte hartzaile baten bitartez arkitektura ikasle nahiz gazte profesionalek beren ideiak hiritarrekin partekatzen dituzte lehiaketara aurkeztu aurretik.
Oraingoan Añorga Txikiren txanda izan da. Sei hilabete daramatzate auzoko gabeziak eta beharrak aztertzen. Auzoaren eraldaketa proposatzen duten zortzi proiektu aurkeztu dira, eta erakusketa zabaldu dute gaur proiektu horiekin. Museum Cemento Rezolan egongo dira ikusgai ekainaren 2a arte.
Proiektu irabazleak
Proiektu guztiek Añorgako Geltokia gunearen birsokuntza dute ardatz. Goitik beherako eraldaketa litzateke Añorga Txikirako; denbora eta diru asko beharko litzateke paper gaineko proiektu hauei forma emateko, baina, “egungo garapen sistema ez da jasangarria eta beste eredu batzuk bilatu behar dira; hiritarrengan pentsatuak, atseginak, eta auzoaren batasuna bultzatuko dutenak”, adierazi du Olatz Grijalba, ESAZU proiektaren zuzendaria eta Arkitektura eskolako irakasleak.
Añorgaren batasuna lortzea izan da hain zuzen ere, proiektu irabazlearen ezaugarririk nabarmenena. Izan ere, “N-1 errepideak auzoa banatzen du, baina eremu hori bulebar bilakatuta auzoaren eraldaketa garrantzitsua lortuko litzateke”, adierazi du Nora Galparsoro, Udaleko Azpiegitura eta hiri zerbitzuen zinegotziak.
Bateratuz! proiektua izan da ESAZU proiektuaren hirugarren lehiaketaren irabazlea. Nagore Puyadena, Garikoitz Alkorta, Ainara Alarcia eta Idoia Goenaga dira proiektuaren egileak. Beren esanetan, “gure proiektuaren bidez, Añorga osatzen duten hiru gune nagusiak bateratuko lirateke. N-1 errepideak banatu edo moztu dituen zonalde horiek bulebar bihurtu eta gainerako guneak ere zabalduko genituzke, eremu oso eta bateratu bat sortuz. Rekalde eta Loretoki batzeko espazio irekiak proposatzen ditugu, adibidez. Auzo berria eta zaharra batzeko aktibitatezko guneak proposatzen ditugu”.




