Bertso eta antzerki ikuskizuna, Jorge Oteizaren omenez
Jorge Oteiza artista hil zela hamar urte pasa dira, eta hainbat ekimen antolatu dituzte aste honetan bere omenez. Gaur osteguna, bertso eta antzerki ikuskizuna antolatu dute Doka Kafe Antzokian, azken saio modura.
Maialen Lujanbio eta Andoni Egaña bertsolariek Bertso saioa Oteizarekin ikuskizun berezia eskainiko dute. Berezia, Unai Elizasu eta Jorge Oteiza bera izango baitira gai jartzaileak. Ion Martinez aktorea arituko da artistaren paperean.
Gainera, bertsolaritza eta antzerkia elkartuko dira gaur arratsaldeko ikuskizunean, Aldatzen Laguntzen taldearen eskutik.
Ikuskizunerako sarrerak bost euro balioko du eta 19:00tan, saioa hasi baino ordu erdi lehenago, eskuratu ahal izango da Dokan bertan.


