Bideo tailerra egingo dute Emakumeen Etxean
Datorren astelehenetik aurrera (apirilaren 15 eta 18 bitartean ) Ganora Filmak elkarteak Nire belaunaldia izeneko Minutuko Bideoa edizio tailerra antolatu du Emakumeen Etxean. Amal Ramsis dokumentalista egiptoarrak emango du Giza Eskubideen XI. Zinemaldiaren barruan. Hogei orduko mintegia izango da, bost eta lau orduko saiotan banatuta, eta doan izango da.
Munduko edozein lekutako emakumeei zuzendua dago, ikus-entzunezko alorreko emakume ez-profesionalei, edozein adin, lanbide eta herrialdetakoei, lehentasunez 18 urtetik gorakoei. Tailer horretan bideo bat egingo da, emakumeek ikus-entzunezko errealizazioaren oinarriak ezagutu ditzaten, eta ondoren, minutu bateko iraupena duten film laburrak sortuko dituzte. Aurtengo gaia Nire belaunaldia izango da.
Tailerrak 15:00etatik 20:00etara izango dira, Emakumeen Etxean. Dena den, azken saio bat Kaxilda liburu dendan izango da apirilaren 19an, 16:30etik 18:30era.
Hogei lagunek hartu ahalko dute parte bideo ikastaro honetan. Doan da, baina izena ematen dutenek Giza Eskubideen XI. Zinemaldiko saioetarako abonua 17 eurotan eskuratu ahal izango dute. Tailerra irekia denez, izena emateko ordenari jarraikiz onartuko dira parte-hartzaileak.
Bestalde, Amal Ramsisek EHUko Zuzenbide Fakultateko Giza Eskubideen Ikastaroan parte hartuko du apirilaren 18an, osteguna, 09:30etik 13:15era, fakultatearen ekitaldi aretoan. Bertan, Ramsisen Prohibido filma erakutsiko da, eta ondoren, ikastaroko ikasleekin mahai ingurua izango da.


