Donostiako eta Wroclaweko kultur hiriburuen arteko harremanak sendotzeko hitzarmena sinatu dute
Juan Karlos Izagirre, Donostiako alkateak, eta Rafal Dutkiewicz, Wroclaweko alkateak, hitzarmen bat sinatu dute gaur 2016an Europako Kultur Hiriburu izango diren bi hirien arteko elkarlana sendotzeko eta zabaltzeko. Euskaraz eta polonieraz sinatu den dokumentu honen helburua da kulturaren alorrean elkartrukean sakontzea eta bi hirietan kultur ekimenak elkarren eskutik antolatzea eta sustatzea.
Juan Karlos Izagirreren ustez, “oso urrats inportantea da”. Euskal Herria Europako beste herrialdeekin harremanetan jarri nahi duela adierazi du: “elkar ezagutu eta elkarri ekarpenak egiteko. Eta borondate berarekin ari gara lanean; kultur hiriburu izango diren bi hiriak norabide berean ari gara 2016ra begira”.
Donostiako ordezkaritza asteartetik dago Wroclawen (Polonia), Donostiarekin 2016ko Europako Kultur Hiriburu titulua partekatzen duten hirian. Bisitaren harira oso baikor ageri dira bi aldeak, izan ere, bat etorri dira bi hirien arteko harremanak indartzen jarraitzeko eta bi hiriak lotzen dituzten lan-esparruak garatzen jarraitzeko oso baliagarria izan dela, eta, noski, etorkizunera begira lankidetza-aukera gehiago zehazteko.
Donostiako ordezkaritza bihar itzuliko da Donostiara. Wroclawen bisita, elkarrizketa eta bilera ugari egin dituzte eta harremana estutu dute bai maila politikoan eta baita kulturalean ere. Wroclaw 2016 Europako Kultur Hiriburu bulegoko proiektuaren zuzendari Krysztof Majekin eta zuzendari artistiko Krysztof Czyzewskirekin bilera ugari izan dituzte. Eta bi hirietan proiektuak zehazten eta indartzen doazela agerian gelditu da. Konpromisoa erabatekoa da bien aldetik eta bete-betean burubelarri ari dira lanean.
Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea eta Nerea Txapartegi Kultura eta Euskara delegatuarekin batera, Donostia Kulturako Musika Unitatearen arduradun eta Jazzaldiko zuzendari Miguel Martin dago. Ildo horretan, nabarmentzekoa da bi hiritan dauden jazzaldi jaialdien arteko elkarlana sendotzea jaso dela gaur sinatutako hitzarmenean; Wroclaweko Jazz nad Odra (Jazza Oder Errekaren ertzean) eta Donostiako Jazzaldiaren artean.
Hitzarmenak lau puntu ditu guztira, eta zinemaren alorrari egiten dio erreferentzia bigarrenak. “T-Mobile Nowe Horyzonty (T-Mobile ortzimuga berriak)” eta “Donostiako Nazioarteko Zinema Jaialdiaren artean lan ildoak abian jartzeko konpromisoa hartu baitute agintariek. Hiri bakoitzak bere hirian antolatzen dituen ekimen esanguratsuetan parte hartzeko aukera jasotzen du hirugarren puntuak; esaterako Wroclaweko “Gitarra Errekorda” ekimenean eta Donostiako Danborradan.
Laugarren eta azken puntua bi bulegoen artean beste akordio bat jasotzeko proposamena jasotzen du. Donostia 2016 Bulegoa eta Biuro Festiwalowe Impart 2016 bulegoek hainbat gizarte eta hezkuntza ekimen ere sustatuko lukete hitzarmen horri esker. Ez da ahaztu behar bidaia honetan 2016 Bulegoko ordezkariak ere ari direla parte hartzen: Donostia 2016 Bulegotik Fernando Bernues zuzendari artistikoa, eta Mattijs Maussen, nazioarteko estrategiaren aholkularia.



