Gustura geratu dira lau pilotariak igandeko partidarako hautatutako materialarekin
Eskuz binakako pilota txapelketa finalerdietara iritsi da, eta bi partidak asteburuan jokatuko dituzte. Batetik, larunbatean, Berasaluze II.a eta Albisu, Martinez Irujoren eta Zabaletaren aurka arituko dira; eta igandean, berriz, Olaizola II.a eta Ibai Zabala izango dira Bengoetxea VI.aren eta Beroizen aurkariak. Iruñeko Labriten jokatuko dute larunbateko partida; igandekoa, Donostian, Atano III.ean. Labriteko partidarako pilotak atzo hautatu zituzten, eta gaur, Atano III.ean egin dute material aukeraketa.
Atano III.era hurbildutako hainbat zaleren aurrean, orduerdi inguru behar izan dute lau pilotariek material egokiena aukeratzeko, gaur goizean. Lehenengo Olaizola II.ak eta Ibai Zabalak egin dituzte lanak, eta beraiek izan dira ere komunikabideekin hitze egiten lehenak. “Sei pilotak dira politak frontoi honetarako, eta gustura gaude”, adierazi du Olaizola II.ak; “agian beraien pilotak pixka bat biziagoak dira, baina ez dago ez pilota biziegirik ez baxuegirik, eta ez dago inongo arazorik”, gehitu du Goizuetakoak. Edonola, ezkor agertu da Olaizola II.a igandeko partidari begira, aurkariei oso tanto gutxi egiten utzi behar baitiete finalerako txartela lortzeko. “Gure burua kanpoan ikusten dugu, partida garrantzitsua beste bikoteak duela uste dugu”, aipatu du Olaizola II.ak.
Urdinez jokatuko duen bikotea ere pozik agertu da aukeratutako materialarekin. “Materiala jokatzeko egokia da. Agian beraienak gehiago gustatu zaizkigu, lehenago aukeratu dituzte eta ukitu gehiago eta soinu gehiago daukate”, aipatu du Bengoetxea VI.ak. Larunbatean, Irujok eta Zabaletak hamar tanto egitea nahikoa izango dute finalerako sailkatzeko, eta aldi berean, bikote horrek irabazteak Bengoetxea VI.aren eta Beroizen alde egingo luke. “Gure eskuetan dagoena gure partida da, eta ahal den eta emaitzarik onena lortzen saiatuko gara. Larunbatean irabazten duenak irabazita ere, guretzako garrantzitsua da igandean irabaztea”, aldarrikatu du Bengoetxea VI.ak.
Hala, igandean, apirilak 14, honako pilota jaialdiaz gozatzeko aukera izango da Atano III.a pilotalekuan, 17:00etan:
- GONZALEZ – PASCUAL /XALA – MERINO
- Eskuz Binakako Txapelketa – Finalerdia: OLAIZOLA II – IBAI ZABALA / BENGOETXEA VI – BEROIZ
- Binakako Promozio Txapelketa – Finalerdia: RICO IV – UNTORIA / TAINTA – LADIS GALARZA
- URRUTIKOETXEA – LARUNBE / IDOATE – ARETXABALETA
- Eskuz Binakako Txapelketa – Finalerdia: BERASALUZE II – ALBISU / MTZ. de IRUJO – ZABALETA





