'Izan Pirata' dokumentala apirilaren 27an estreinatuko dute
Donostiako Piratek Antzoki Zaharrean aurkeztuko dute filma.
Donostian jai herrikoien alde 80ko hamarkadatik hona egindako bidea aztertuko duen dokumentala egin dute Donostiako Piratek. Izan Pirata izena du filmak eta gutxi falta da estreinaldirako. Apirilaren 27an aurkeztuko dute, Antzoki Zaharrean. Donostiako jai herrikoien aldeko mugimenduaren nondik norakoak azaldu dituzte bertan.
Oraingoz emanaldi bat egingo dute 18:00etan, eta jendea kanpoan geratuz gero, bigarren emanaldi bat egingo lukete, 20:00etan. Verkami-n proiektua babestu dutenek lekua gordea izango dute bertara joan nahi badute. Horretarako izanpirata@gmail.com helbidera idatzi beharko dute apirilaren 21a baino lehen. 10, 20 eta 25€ko ekarpena egin dutenek pertsonako bi sarrera eskatu ahal izango dituzue; 50€ jarri dituztenek 6 sarrera; 100€koek 12 sarrera eta 200€koek 24 sarrera.
Hala ere, estreinaldiaren ondoren Donostian auzoz-auzo aurkezten saiatuko dira Piratak, beraz, izango da dokumentala ikusteko aukera gehiago.
Donostiako Piratek laguntza eskatu zuten dokumentala bukatu ahal izateko. Verkami plataformaren bidez Izan Pirata filma egiteko ekarpenak jaso zituzten, eta bost egunean helburua lortu zuten.


