Urtetik urtera bizikleten erabilera igotzen ari dela azaldu dute
Zenbaketa sistema berri bat jarri dute abian; egunero datuak hartzen dituzte hiriko zortzi puntuetan.
Urtetik urtera, hirian bizikleten erabilerak gora egiten duela azaldu du gaur Mugikortasun zinegotzi Jon Albizuk. Hain zuzen ere, azkeneko datuek, 2012an erabilerak %2 egin duela gora adierazten dute; batez beste, egunean 16.376 mugimendu kontatu zituzten. Albizuk azaldu du pozik daudela igoera honekin; “argi dago bizikletaren erabilerari buruzko datuak oso onak direla eta gorako joerak ere bere horretan jarraitzen duela”, esan du.
2001a geroztik, hiriko bost gunetan kontaketak egiten hasi ziren datu hauek lortzeko. Euririk egiten ez zuen egun batean, eskuz egiten ziren kontaketak hilabetean behin. Orain, espira bidezko sistema berri bat jarri dute abian. Hain zuzen ere, uneoro, hiriko bidegorrietako zortzi gunetan datuak hartzen dituzten metalezko errailak dira. Hala, hainbat faktore hartu ditzakete kontutan kontaketa egiterako orduan.
Kontaketak zazpi hilabeteren artean egiten dituzte, apiriletik urrira bitartean zehazki.
Euriarekin erabilera erdia
Albizuk azaldu duenez, horien artean jaso duten datu esanguratsu bat euria egiten duenean bizikleten erabilera erdira jaisten dela izan da. Hotza ordea, ez da faktore erabakigarri bat erabilerari dagokionez, ez baita hainbeste jaisten erabiltzaile kopurua.
Lortu duten beste datu bat da, aste barruan asteburuetan baina bi aldiz handiagoa dela erabilera; “honek argi uzten du, bizikleta ez dela aisialdiarekin bakarrik lotzen, baizik eta, egunerokotasunean tresna baliotsu bat dela”, esan du Albizuk.
Eskuzko kontaketak egiten ere jarraituko dutela oraindik azalduko du. Batik bat, adinari eta generoari dagozkien datuak jasotzen jarraitzeko.



