EHUk goi mailan jokatzeko txartela lortu du
Emakumezkoen goi mailako saskibaloi ligara igotzeko aukera hiru aldiz izan du eskura EHUk azken hiru urteetan, baina hirutan helburuak ihes egin dio azken momentuan. Asteburu honetan, ordea, laugarrenean, donostiarrek ametsa egia bihurtu dute Caceresen. Gainera, etxeko taldeari irabazi behar izan diote igoera lortzeko, han jokatu baitute azken fasea.
62-70 izan zen atzoko norgehiagokaren azken emaitza, baina partida markagailuak erakusten duena baino gogorragoa izan zen. Hain zuzen ere, 49-60 irabazten ari ziren gipuzkoarrak bost minuturen faltan, dena eginda zegoela zirudien, baina ez. Aurreko urteetako mamua agertu zen, hiru hiruko jarraian lortu baitzituen Caceresek, 60-62a jartzeko. Aurreko urteetako eskarmentuak, baina, balio izan zuen oraingoan. Donostiarrak ez ziren urduri jarri eta saskiratze bat bestearen atzetik lortu zituzten partida eta igoera erabakitzeko.
Hori ez zen izan lortutako sari bakarra. Arantxa Novo Cacereseko azken faseko jokalari onena izendatu zuten. Caceresen aurkako partidan 18 puntu lortu zituen.