Lurdes Oñederra literaturara itzuli da, 'Intemperies' nobelarekin
Lehen liburua idatzi zuenetik hamalau urte igaro ostean, bere bigarren nobela idatzi du Lurdes Oñederra donostiarrak; eta Erein argitaletxearekin argitaratu du. ‘Intemperies’ da liburuaren izena, eta ‘babes bila’ dio izenburupean. Eleberriaren aurkezpena egin dute gaur goizean, baina egileak ezer gutxi aurreratu nahi izan du istorioko gertakizunen inguruan. Edonola, ‘Emakumeari sugeak esan zion’ kaleratu zuenetik ipuin bat idatzi duen arren eta itzulpenen bat egin duen arren, ‘Intemperies’-ekin Oñederra literaturara itzuli dela esan du editoreak.
Luzia da liburuko protagonista, 50 urteko hizkuntzalari donostiarra. Lana atera zaio Madrilen, eta joan-etorrian dabilela, Eva eta Victor ezagutuko ditu. “Eguneroko bizitzak du pisua, besterik gabekoak. Ezer berezirik gertatzen ez bada ere, horrek sortzen duen erronkan”, azaldu du Oñederrak. Aipatu dutenez, Luziak etengabeko elkarrizketak ditu iraganarekin eta orainarekin, eta maitasunak ere bere tartea du istorioan. “Nobelan bertan aipatzen da, nobela guztiak amodiozkoak direla”, esan du Oñederrak.