Etxe kaleratzeen inguruko eztabaida, Arte Ederren eraikinean
Stop Kaleratzeak taldeak Giza Eskubideen Jaialdian egindako argazkilaritza tailer batek jendearen ikusmina piztu du.
Kutxabankek Arte Ederren eraikina erosi eta etxegabetuak izan diren 90 familiarentzat etxebizitzak egingo dituela zabaldu dute.
Stop Kaleratzeak taldeak Giza Eskubideen Jaialdian egindako argazkilaritza tailer batek jendearen ikusmina piztu du. Etxebiza eskubidearen aldeko ekintza bat egin dute asteburuan: Kutxabank, Arte Ederren eraikina eta etxebizitza bat izateko eskubidea lotu dituzte. Tailerrean parte hartu dutenek Arte Ederren eraikinean bertan bi kartel handi jarri dituzte. “Gaur gure Antzokia, bihar denona. Zinez bizi! 30 urte hutsik egon ondoren… Arte Ederren 100. urtemugan estreinaldia. 90 etxebizitza etxegabetuentzat”, irakur daiteke euskarazko kartelean. Kutxabankek Arte Ederren eraikina erosi eta etxegabetuak izan diren 90 familiarentzat etxebizitzak egingo dituela plazaratu dute.
Twitterren AupaKutxa traolaren bidez zabaldu dute kanpaina, eta azkar zabaldu da sare sozialetan. Kutxabank erakundeak berak, bere Twitter kontutik sare sozialetan zabaldutako mezuak gezurtatu ditu: “Ez dira benetakoak gure Gizarte-Ekintza Bellas Artes-ekin lotzen dituzten zurrumurruak, ezta #aupakutxa kanpainaren egiletza ere”.
Donostian egin duten tailerrean, pertsonen arreta bereganatu nahi izan dute argazkilaritzaren bidez; gizarte arloan kolektiboki esku hartzeko modu gisa. Argazkiak egiteko espazioaren eta etxe kaleratzeen errealitatearen inguruko eztabaida ardatz izatea nahi dute.
(Argazkiak: Iñigo Royo)