Urtea milioi bat euroko superabitarekin itxi du udalak
Gastu zorrotza eta kudeaketa garbiak ahalbidetu duela hau azaldu dute; 2013ari begira egoera hobetzen du.
Gaur azaldu dute 2012ko likidazioaren nondik norakoa. Hain zuzen ere, Garapen Ekonomikoko zinegotzi Josu Ruizek jakinarazi du, Donostiako Udalak superabitarekin itxi duela 2012a, zehazki, 1.098.320 eurokoa.
Bestalde, Ogasuneko ordezkari Jabi Vitoriak hainbat zehazpen egin ditu zifren inguruan. Batetik, urtetik urtera indize ekonomikoak hobetu direla azaldu du. Esaterako, udalak ez duela egun zorrik azaldu du; “ez dago tiraderatan ordaindu beharreko fakturarik”, esan du. Hala, udalaren zor bizia 2,3 milioi gutxiagokoa da aurten.
Superabitari emango dioten erabilera, inbertsioarena da. Hain zuzen ere, 2012an exekutatu edo egin ez diren hainbat inbertsio ere egingo dituzte. Aurrezpenaren zenbatekoa, hein handi batean inbertsioetatik murriztu dute, baina Vitoriak esan du orain “segurtasun handiagoarekin” egingo diotela aurre gastuari; ez orain arte bezala.
Ruizek bestalde, egoera ekonomiko zehatz honetan, gizarte inbertsioan murrizketarik ez egin izana azpimarratu du, eta horrek egonkortasuna ematen diola udalari; “proiekzio ekonomikoa ematen dio udalari. Egoera ekonomiko onean dago udala eta errealismo osoz kudeatzen dugu”, esan du.