Uliako itsaslabarra.
Eusko Jaurlaritzak Natura 2000 Sarean dauden hamar guneren babesa areagotzea erabaki zuen atzo, Kontserbazio Bereziko Eremu izendatuz. Gune horien artean daude Uliako itsaslabarra eta Aiako Harria ere. Izendapen berri honek kudeaketa lan zorrotzagoa eskatuko du, eta Axier Jaka, ingurumen zinegotziak adierazi duenez, “udala ahal den neurrian inguru hauek zaintzen eta babesten saiatuko da, oso aberatsak baitira”.
Uliako babes eremuak 43 hektarea ditu eta labar hauetan baldintza gazi eta haizetsuetara egokitutako hainbat landare-multzo aurki daitezkezkeela azpimarratu du Jakak; armeria euscadiensis endemismoa, besteak beste. Labarretako hainbat zatitan antxeta eta bestelako itsas hegazti multzoak daude, adibidez, kaio iluna, kaio hauskara eta ubarroi mottoduna. Euskal Herriko espezie ugaltzaile hauek guztiak oso urriak dira.
Aiako Harrian, berriz, Donostiako Udalak Errekabeltz eta Oberan eremuak ditu; guztira 211.5 hektarea. Harizti eta pagadi zabalak daude bertan. Animaliei dagokionez, mutur luze iberiarra, arrabioa, baso-igel gorria, martin arrantzalea, ur zozoa eta ur saguzarra azpimarra daitezke.
Jakak adierazi du bertako aniztasuna babesteko beste urrats bat eman beharko litzatekeela. Bere hitzetan, “Uliako kasuan, Batasun Garrantzizko Lekua izendatzeko eskatu diogu Eusko Jaurlaritzari. Natura 2000an itsas eremuak ez dira behar bezala azaltzen, eta Europako Batzordeari horien inguruko azterketa eta zerrenda proposamena egin behar zaionez orain, zerrenda horretan Ulia sartzeko eskaera ofiziala egin dugu”.
Añarbe eta Artikutza
Bestetik, Añarbe baso erreserba izendatzeko eskaera ere egina dagoela gogoratu du Jakak. “Donostiako Errekabeltzeko basoa Añarbe basoaren zati bat da, eta bere egoera ona kontuan hartuta, Parke Naturalaren babes maila altuena eskatu dugu, hau da Erreserba, Errenteriako Udalarekin batera”, adierazi du Jakak. Eremu hau ezagutzera emateko basora ibilaldi gidatuak antolatuko dituzte ekainaren 16an eta 23an. Parte hartzeko 943 555 431 telefonora deitu edo helbide honetara idatzi
info@galemys.com izena emateko.
Artikutzaren kasuan kudeaketa plana lantzen ari dela zehaztu du Jakak. Artikutza Natura 2000ko Batasun Garrantzizko Lekua da, eta balio handiko elementuen artean,errekatxo sarea eta urtegia besteak beste, bioaniztasunari lehentasuna ematen dion kudeaketa plana lantzen ari direla argitu du Jakak.