Alkatea eraikinaren babesa eta erabilpena uztartzearen alde azaldu da.
Amaia Almirall eta Ricardo Burutaran, goizean eman duten prentsaurrekoan. (Argazkia: Lide Ferreira)
Arte Ederren kupula kentzen hasi diren honetan, EH Bilduk eraikina “botatzeko plana” salatzeko prentsaurrekoa egin du gaur goizean, udaletxean. Bertan, Amaia Almirall bozeramaile eta Ricardo Burutaran zinegotziak hitz egin dute. Almirallen arabera, plana iruzur bat da, Arte Ederren jabe den
“Sade enpresaren interesen aldeko iruzurra”. Gainera, horretan EAJk eta PSE-EEk osatzen duten udal gobernuaren babesa jasotzen ari dela esan du: “Jabeak oso argi utzi du ez duela kupula berriro jartzeko borondaterik; horregatik,
hiriko ondarea defendatzen dutenen gainetik, gutxi batzuen interesak babesten ari dira. Hiritarrak engainatzen ari dira“.
Plan honen bitartez, helburua eraikina erabat erortzea dela adierazi du bozeramaileak. PSE-EE zegoen legegintzaldian dagoeneko Saderen interesak babestu zituztela dio: “Aurten, legegintzaldi berria hasi eta berehala Sadek aurkeztu zuen kupula botatzeko baimena. Izugarrizko abiaduraz, hiru erakunde ados jarri ziren baimen hori emateko”. Era berean, Enrique Ramos udal gobernuko Hirigintza zinegotzia gezurretan ibili dela salatu du Almirallek. “Baimena aztertzen ari zirela salatu genuen, eta berak ezeztatu zuen. Orain denborak arrazoia eman digu”, adierazi du Almirallek.
Ez eperik, ezta garantiarik ere
Burutaranek azaldu duenez, planak ez du ezartzen kupula berriro jartzeko eperik, ezta garantiarik ere eraikina babesteko eta kupula berriro jartzera behartuko duen bermerik ere. Izan ere, : “ez dute hau guztia zehaztu kupula berreraikitzeko asmorik ez dutelako”. Arte Ederren eraikina ondare galera izugarria izango litzatekeela esan du zinegotziak. Horrenbestez,
dei egin die eraikinean eskumena duten erakundeei, “kupula berriro jartzeko proiektua eta epea zehaztu, eta beharrezkoa den bermea aurkeztu dezatela eskatzeko”.
Aipatu dituzten txosten teknikoei dagokienez, Burutaranen iritziz, erabaki merkeena hartu dute, “baina eraikina babesten ez duena. Babesa bermatzeko beste plan bat aurkeztu behar zuten”, amaitu du.
Babesa eta erabilpena uztartu
Arte Ederren eraikinari buruz ere hitz egin du
Eneko Goia alkateak. Txosten tekniko guztiak aztertu ondoren,
Arten Ederren eraikineko kupula kentzea izan dela egokiena adierazi du alkateak. Babesturik dagoenez, eraikina mantentzea beharrezkoa dela esan du, baina era berean erabilera bat ematearen alde mintzatu da:
“Eraikinaren balioa ezin da ukatu, baina babestearekin batera erabilera bat emateko formula bat bilatu beharko litzateke”.
Eraikina pribatua izan arren, norabide horretan lan egin behar litzatekeela adierazi du Goiak,
“eraikin bat ezin baita luzaro mantendu erabili gabe”. Horretarako, Jaurlaritzak “malgutasun handiagoa” izan beharko lukeela uste du.