Esperimentatzeko gogotsu
Kultura zabaldu eta diziplina desberdinak nahastu nahi ditu NODE kultur elkarteak. ‘Cronopia’ lanaren euskarazko bertsioa estreinatuko du igandean, Dokan.
NODE kultur elkarteak eragile aktiboz osatutako sare baten alde egiten du lan, eta eduki berriak sortzen ditu. Hala, komunitate kulturalago eta sozialago bat babesten dute elkartearen bultzatzaileek, eta euren edukiak aberasten saiatzen dira, balio erantsiak eskainiz. Egun, NODE kultur elkarteak bi bide hartu ditu: sorkuntza (akziona) eta kudeaketa (labora). Kudeaketari dagokionez, saiatzen ari dira Donostian arteak leku bat izatea. «Orain arte, La Notarian (Gros) aritu gara, eta uztaila edo abuztutik aurrera, Erdialdeko Convent Garden espazioan hasiko gara lanean. Performanceek leku bat edukitzea nahi dugu, obra baten sorkuntza prozesua bertan bizitzeko eta lanak estreinatu ahal izateko», azaldu du NODEko Ion Estalak. Izan ere, NODE bera behar batzuen emaitza izan dela dio: «Non entseatu, non estreinatu, non lan egin… Beti izan da arazo bat, eta gu saiatzen ari gara artistei eta arte munduko kide guztiei leku bat eskaintzen, hutsune hori betetzeko». Sorkuntza aldetik, mikro-antzerkiarekin hasi ziren lanean: «NODE sortu genuenean, gure helburua zen antzezlan luzeak egitea, baina Grindr Sorpresa mikro-antzerkia egiteko aukera suertatu zitzaigun, eta horixe izan zen kultur elkartearen lehenengo lana». Hori amaituta, pieza txikiekin jarraitzeko asmoa zuten, baina lanean hasi zirenean, zerbait luzeagoa eskaintzeko beharra zutela ikusi zuten: «Naturala izan zen, bat-batean konturatu ginen kontatu nahi genuena ez zela laburra». Halaxe sortu zuten Cronopia izeneko obra. Martxoan aurkeztu zuten gaztelaniazko bertsioa, eta igandean euskarazkoa eskainiko dute lehenengo aldiz, Dokan. «Gidoia Itziar Urretabizkaiarena da eta guztien rolak oso ongi zehaztuta daude, baina lana denon artean egin dugu; prozesua oso polita izan da obra talde gisa sortu delako, denon artean, ez da enkargu bat izan», nabarmendu du Estalak. Anuxka Etxeberria eta Ivan Aizpurua dira Cronopia antzezlaneko aktoreetako bi. «Grindr Sorpresa mikro-antzerkian hartu nuen parte, eta hasieratik oso gustura egon nintzen; ikusi nuen NODEk ilusio handia zuela eta kultura euskaraz zein gazteleraz zabaldu nahi zuela», azaldu du Etxeberriak. Bi aktoreak Zurriola ikastolako antzerki taldean ibili izan dira, antzezlan luzeak egiten; beraz, Etxeberriarentzako mikro-antzerkia berria izan zen guztiz: «Ilusio horrekin hasi nintzen, eta bigarren lan batean parte hartzeko gonbita luzatu zidatenean– Cronopian–, ez nuen zalantzarik izan. Bigarren obra honek gehiago elkartu gaitu, eta profesionalki hazi egin gara». Aizpuruak ez zituen aktore lanak egin mikro-antzerkian, baina ikustera joan zen eta liluratuta geratu zen. NODE kultur elkartekoak ezagutu zituen bertan, eta aurrerago berriro topatu zen haiekin: «Proiektu berri batean murgilduta zeudela esan zidaten, eta inbidia izugarria eman zidan. Ez nuen pentsatu ere egin zerbait proposatuko zidatela, baina handik hilabete batera deitu zidaten aktore baten bila zeudelako. Proba batzuk egin ondoren baiezkoa eman zidaten eta horrela hasi nintzen Cronopiarekin. Oso azkarra izan zen dena, eta NODEren inplikazioa eta gertutasuna oso handia izan da. Egia esan, Cronopia eta elkarteari esker, gure ibilbide artistikoan jauzi bat eman dugu». Cronopiak hiru ezezagun elkartzen ditu tren batean, «lekurik aproposena bide desberdinak daramaten pertsonaiek topo egin dezaten». Surrealismoa eta komedia beltza biltzen dituen antzerkia eta ikus-entzunezkoak nahasten dituen obra bat da. Antzerkitik harago «Ohiko antzerkitik aldendu eta ikus-entzunezko zati bat txertatu dugu lanean, ekarpen berritzaile bat egite aldera. Film labur moduko bat da, non pertsonaia bakoitzaren testuingurua azaltzen den; antzerki fisikoa hasi baino lehen proiektatzen dugu», adierazi du NODEko Ana Barrantesek. Eta ez hori bakarrik, argiekin jolasten dute, musika dago, koreografiak… Estalaren arabera, azken finean, helburua da diziplina anitzak nahastea: «Gogo berezia dugu esperimentatzeko eta gauza berriak probatzeko. Horren lekuko da Cronopia». Aizpuruaren ustez, obra bada surrealista eta pertsonaiak oso «bortitzak», baina «bizitzan denok bizi izan ditugu horrelako egoerak. Horregatik, hiru pertsonaiekin identifikatuta sentitu daiteke publikoa». Gainera, eszenografiak ere laguntzen du ikuslea antzezlanaren parte sentitu dadin: «Trenaren bidaiaren parte sentitzen da jendea, istorioaren barruan daudela imajinatzen dute eta horrek jakin-mina pizten die». Gaztelaniazko bertsioa estreinatu zutenean, harrera oso ona eta hunkigarria izan zela dio Etxeberriak: «Aretoa bete eta jendea oso pozik atera zen. Une horretan kontzienteago izan nintzen eman nuen pausoaz, eskolako antzerkietan parte hartzetik profesional baten antzera aritzera. Jende askok esaten zidan profesionalak ematen genuela! Ilusio handia dugu euskarazko emanaldia estreinatzeko». Antzerkia ‘Cronopia’ Zer. Cronopia-Dan Delantial pieza garaikidearen estreinaldia, antzerkia eta ikus-entzunezkoak nahasten dituena. Noiz. Etzi, igandea, 19:30ean. Non. Donostiako Kafe Antzokian, Dokan. Sarrerak.