Ezinbestekoa dute tostako arraunlariek, arrauna toletari eusteko beharrezko pieza baita. Estropuaz ari gara, bai, eta horiexek egiten igarotzen ditu orduak eta orduak Irungo Mikel Aiak.
Mikel Aia: Estropu egilea.

(Argazkia: Estitxu Zabala)
Izan daiteke espartuzkoa edo nylonezkoa, baina egitea da kontua. Klub askok egiten diote eskaria Mikel Aiari (Irun, 1974), eta baditu bezeroak Kontxako Banderan parte hartuko dutenen artean. Estrapu Estrobo izena du Facebooken, eta hortik jasotzen ditu estropuak egiteko eskaerak. Azken hiru urtean, 2.000 estropu baino gehiago egin dituela dio.
Nondik datorkizu harremana arraunarekin?
Arraunlari izandakoa naiz. Santiagotarraken hasi nintzen 1994an. Traineruan hasi nintzen zuzenean, eta gero aulki mugikorrean ere ibili nintzen, jaitsierak egiten. Sei urte eta gero utzi egin behar izan nuen, alaba jaio zenean.
Eta nola ikasi zenuen estropuak egiten?
Entrenatzaileak irakatsi zidan estropuak egiten, Claudio Eizagirre Otxotek, Santanderren ginela. Hogei urte inguru izango dira.
Eta ordutik ibili zara estropuak egin eta egin?
Ez. 2008an berriz ere itzuli nintzen arraunera. Alaba gaixo egon zen, eta erabat sendatu zenean, andreari esan nion arraunean egiteko beharra nuela. Kapritxoz Oriora joan nintzen, beti Orio zalea izan bainaiz. Banekien ordezkoaren ordezkoa izango nintzela, baina gustura joan nintzen. Urte erdia egin nuen, eta Trintxerpera joan nintzen utzita. Han estropu falta zegoen, eta egiten ibili nintzen. Bi urtera utzi nuen, baina lagunek eta ezagunek beti eskatzen zizkidaten estropuak, eta egiten jarraitu nuen.
Noiz hartu zenuen orduan kontua serioago?
Duela hiru urte, etxean aspertua nengoela hasi nintzen. Helbide elektroniko bat sortu nuen, eta horrekin, Facebookeko profila. Banituen egindako estropuen argazki batzuk, horiek jarri nituen, eta ezagutzen nituen arraunlariei bidali nien lagun eskaera. Harrezkero, ia hiru urtean, 3.000 lagun ditut!
Zaletasun gisa duzu orduan estropuak egitea?
Arraunarekin lotura izaten jarraitzeko modu bat da. Jende asko ezagutu dut; hemengoa, Galiziakoa, Mediterraneo ingurukoa… haiek gustura, eta ni ere gustura. Ez dut irabazi handirik, materialetan joaten zait diru gehiena, baina gustura egiten dut, asteburutan, estresa kentzeko. Arratsaldeko lauretatik zortziak arte aritu naiteke konturatu gabe. Espartuzkoek lan gehiago ematen dute nylonezkoek baino. Gero, arraunlari bakoitzak baditu bere maniak, eta batzuk nahiago dute bi materialak nahastea.
Gainera, koloretako estropuak egiten dituzu!
Hasieran zuriak egiten nituen. Gero, soka gorria eta urdina topatu nituen, eta, pixkanaka, Internet bidez kolore guztitakoak lortzen ditut. Estropu txikiak ere egiten ditut, eta arraun txikiekin ere bai, apaingarri gisa. Orain gero eta gehiago sartzen ari naiz espartua, jendeak gogoko duelako.
Nola antolatzen zara lanerako?
Etxeko sukaldean jartzen naiz, musika, irratia edo telebista ikusiz, eta hantxe aritzen naiz. Baditut neurri desberdinetako patroiak; estropuak egin eta gero han sartzen ditut, neurri berekoak geratzeko.
Eskaera oso handiak egiten dizkizute?
Hasieran, hogei edo hogeita hamar izaten ziren. Duela bi urte, batek 120 eskatu zizkidan, eta pentsatu nuen ‘nondik aterako dut denbora hori egiteko?’. Baina egiten da, denbora hartuta eta jendeari esanez pazientziarekin hartzeko. Orain badut eskaera bat Mataro alderako, 160 estropukoa. Urrutien Ternuara joan dira nik egindako estropuak, Indianoak elkarteak eskatuta. Gainontzean, Galizia, Asturias, Kantabria, Euskal Herria, Alacant, Katalunia, Andaluzia…
Aitzakia horretan egin duzu bidaiarik?
Bai. Espainiako Llaut Txapelketara joan ginen Alacantera eta Tarragonara. Uda honetan Galizian ere egon naiz. Urrian Fuerteventurara joateko ere esan didate, baina ezinezkoa da denetara joatea.
Ezagutzen duzu beste inor lan bera egiten aritzen dena?
Nik ezagutzen nituenak ziren Lexo eta Lujanbio zaharra, baina biak hil ziren, eta ni bakarrik geratu naiz. Badakit Bermeoko mutiko bat ibiltzen dela, Instagramen ikusi dudalako. Jendeari erosoago egiten zaio eskatzea, egiten ibiltzea baino.
Kontxako Banderaz gozatzeko gogoz?
Bai! Mutiletan Orioren alde egingo dut, eta, nesketan, Hibaikak merezi duela iruditzen zait. Normalean bigarren igandean joaten naiz familiarekin, eta, ahal bada, banderekin argazkiak ateratzera joaten gara, denak nire kamisetak jantzita: Estrapu Estrobo.