Kortatu taldea, Egiako gaztetxean. (Argazkia: Iñaki Subijana)
Amaran eta Bidebietan sortu ziren lehenengoak, baina Egiakoa izan zen auzoaren neurria gainditu eta Donostiako dimentsioa hartu zuen lehen gaztetxea.
Jareño fabrika zaharrean sortu zen
Egiako lehen gaztetxea, egun auzoko kultur etxea dagoen orubean. 1987ko maiatzean okupatu zuen gazte talde batek. Iñaki Subijana bizilaguna gaztetxeko kide izan zen, eta garaiko argazki bilduma mardula gordetzen du etxean. Gaztetxeko agertoki gainera igo ziren hainbat musika talde erretratatu zituen Subijanak. Irutxuloko Hitzarekin partekatu du gaztetxe garaiaz gogoratzen duena.
Jareño lantegia eta ingurua oso utzita zegoela dio: «Zikinkeria eta hondakinak, besterik ez zegoen. Sartu eta berehala hasi ginen dena prestatzen eta txukuntzen». Eraikin osoa hartzea gehiegi zela, eta horregatik, eraikinaren erdia hartu zutela azaldu du: «Eskailera handi bat eta bulego batzuk zeuden pabiloiaren erdian. Guk Karmengo Amaren kaletik gertuen dagoen zatia okupatu genuen».
Gaztetxeak oso harrera ona izan zuela dio Subijanak: «Gazte asanbladak urteak eman zituen espazio bat lortzeko lanean. Lorpen handia izan zen Jareño lantegia okupatzea. Indar handia hartu zuen gazte mugimenduak, bultzada handia izan zen. Asanbladan ehun kide izatera iritsi ginen, lehen soilik hogei inguru ginenean. Gainera, toki hori okupatzea erabaki genuenean gazteen eta bizilagunen babesa izan genuen». Jareño okupatu baino lehen, Ametzagaina kalean saiatu ginen beste bat okupatzen, baina Espainiako Poliziak berehala bota zituela kontatu du: «Bota gintuztenean autobus bat bahitu genuen Egian, eta udaletxeraino joan ginen, protesta egiteko».
Jareñon ere arazoak izan zituzten, eta eserialdi ugari egin zituzten. Halere, udalak batzuetan diru laguntzak ematen zizkiela esan du: «Gazteria sailetik iristen zitzaizkigun laguntza batzuk, gaztetxea egokitzeko».
Mugimendu handia
Jende asko eta asko mugitzen zuen Egiako gaztetxeak, eta lan talde asko sortu ziren: «Batzordeak egin genituen. Zintzarri antzerki taldea, argazkilaritza taldea, euskara batzordea… Hauek euskarazko ekitaldiak egiten zituzten, eta Ruper Ordorika ekartzea lortu genuen. Inork ez zuen espero Ordorikak gaztetxe batean jotzea [barrez]. Laboarekin ere saiatu ginen, baina ezkenean ezer ez». Subijanaren ustez, zalantzarik gabe, musika batzordea zen indartsuena zuena:?«Oso kontzertu onak antolatzen genituen, kalitatezkoak. Pentsa, inaugurazioa Hertzainak taldearekin izan zen. Kontzertu onak egiteko behar zen guztia egiten genuen. Musika ekipoa Sebastopoleko titiriteroei alokatzen genien. Prestaketa lan handia eskatzen zuen honek guztiak, noski. Azkenean erabaki genuen hilabetean kontzertu bakarra egitea, lan gehiegi zen! Jaietan edo bestelako egun berezietan musika emanaldi gehiago egiten genituen, Porrontxoetan adibidez. Ordu asko sartzen genituen gaztetxean lanean, baina beti esan ohi den moduan… Gustuko tokian aldaparik ez!».
La Polla Records,
Negu Gorriak,
Kortatu,
RIP,
Cicatriz,
Delirium Tremens,
Zarrapo,
BAP,
Baldin Bada,
Desorden… Nazioarteko taldeak ere izan ziren gaztetxean; punk rock eta ska estilokoak ziren ia denak: «Musika zirkuitu baten barruan sartu zen gaztetxea. Egiatik Andoaingo gaztetxera, handik Elgoibarrera, eta gero, Bilbora».
Jareñoko musika aretoak 600 metro koadro izango zituen. Mila pertsona baino gehiago hartu zituen gaztetxeak kontzertu jendetsuenetan:?«Gogoan dut La Polla Recordsen kontzertuan errekor bat hautsi genuela. Bi orduan 12 garagardo kupel saldu genituen!».
Javier Sun -ezkerrean-, Los Scooters taldearekin.
Denbora gutxian Donostiako erreferentzia argia bilakatu zela dio Subijanak. Kultur ekitaldi mordoa egiten ziren. Eta besteak beste, zinemaren aste bat ere egin zuten, zine konprometituari eskainia: «Gainera pantaila handi bat genuen filmak proiektatzeko. Gaztetxearen tamainak eta kalitateak ere lagundu zion proiektuari erreferente izaten. Nire ustez, Egiako gaztetxea jende gehien mugitzen zuen gaztetxea izan zen. Beste auzoetan ere indar handia zuten, baina Egiakoak Donostiako dimentsioa hartzea lortu zuen».
Gaztetxean ereindakoak gaur egungo Egia kultur etxean fruituak eman zituela uste du Subijanak:?«Eta gehiago esango nuke, gaur egun kultur etxean egiten diren gauzak guri esker egiten direla. Gu ginen Egian kontzertuak egiten hasi ginenak».
Hain zuzen, 90eko hamarkadan udala Egia kultur etxea [1998an inauguratu zuten] egiteko proiektua lantzen hasi zen. 1990ean Jareño izandakoa erosi, eta Gaztetxea eraisteko agindua eman zuen. Gaztetxeko kideei bulego bat emateko prest agertu zen udala, baina uko zioten:?«Gaur egungo Gazteszena oso ondo dago, baina guri ez ziguten utziko guk nahi genuen bezala kudetatzen, beraz uko egin genion. Lokal hori ez zen guk hasitako bidea jarraitzeko modukoa».