Zezenketen inguruko galdeketa egiteko bideak urratzen jarraitu nahi du udalak. (Argazkia: Malen Aldalur)
EAEko Auzitegi Nagusiaren ebazpenaren arabera, udalak Illunbe zezenketetarako ez alokatzeko eskumena du. Galdeketa egiteko aukera zabaldu dezake epaiak.
Zezenketen afera geldirik egon da azken hilabeteetan baina zeresana eman du, berriro. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren ebazpenaren arabera, udalak Illunbe zezenketetarako ez alokatzeko eskumena du. Hala, epaiak arrazoia eman dio aurreko legealdiko udal gobernuari.
2013an EH Bilduk baldintza agiri bat onartu zuen Illunberen alokairurako. Baldintzetako bat zen plaza ez erabiltzea animalien tratu txarretarako. Horrela, hirian ez zen zezenketarik egin 2013an eta 2014an. Dena den, PPren udal taldeak helegitea aurkeztu zuen 2013an, eta handik hiru urtera arrazoia eman zion Donostiako Epaitegiak. Hala ere, 2015. urtean berriz zezenketak egin zituzten Illunben, EAJk eta PSE-EEk osatutako udal gobernuak hala adostuta.
2016. urtean, aldiz, Eneko Goia alkateak zezenketen inguruan galdeketa egiteko konpromisoa hartu zuen eta data ere jarri zuen: 2017ko otsailaren 19a. Dena den, lllunberen kudeaketaren inguruko herri galdeketa debekatu egin zuen Donostiako epaitegiak 2016ko irailean. Ondoren, 2016ko urrian, EAJk eta PSE-EEk adostuta erabaki zuten Espainiako Gobernuari baimena eskatzea zezenketen inguruko galdeketa egiteko. Galdeketan honakoa galdetzea adostu zuten:?”Nahi al duzu udalak baliabideak edo instalazioak bideratzea zezenketak egiteko?” Erantzun posibleak, aldiz, “bai” eta “ez” ziren.Espainiako Gobernuak, ordea, ez zuen onartu galdeketa egitea, eta helegitea jarri zion udalak.
Hilabete batzuetan isilik egon ostean piztu da berriro eztabaida. Izan ere, EAEko Auzitegi Nagusiak ebatzi du udalak Illunbe zezenketetarako ez alokatzeko eskumena duela. Horrek hainbat aldaketa ekartzea posible dela uste dute zezenketen aurkako hainbat eragilek eta udalak.
Pozik hartu dute albistea Donostia Antitaurina Orain taldeko kideek, eta uste dute EAEko Auzitegi Nagusiaren epaiak erraztasunak eskainiko dizkiola udalari galdeketa egin ahal izateko edo zuzenean zezenketak bertan behera uzteko. Izan ere, uste dute udalak aintzat hartu beharko lukeela herritarren iritzia ezagutzeko irailean udalak berak egin zuen inkestaren emaitza: “Donostiarren %71 udal instalazioetan zezenketak antolatzearen kontra dago”.
Ildo berean hitz egin du Martin Anso Eguzki plataformako kideak ere: “Uste dugu epai honekin zezenketak egiten jarraitzeko aitzakia guztiak bukatzen direla”. Salatu du alkateak galdeketa egiteko konpromisoa hartu arren, galdeketa egin bitartean zezenketekin jarraitzea erabaki zuela: “Irailean egin zuten inkestak emandako emaitzak ikusita zilegitasun gehiago du galdeketa egin arte zezenketak debekatzea”. Bestalde, gaineratu du Espainiako Auzitegi Nagusiaren oztopoak gainditu eta hirian galdeketa egiteko beste aukera batzuk ere badaudela: “Beste parte hartze prozesu batzuk erabili daitezke, adibidez, Urrezko Danborra hautatzeko erabili dutena”.
Maialen Sagues Askekintzako kideak, aldiz, uste du legeek epe motzerako aldaketak soilik ekartzen dituztela: “Guk ez dugu sinisten injustiziak horrela konpontzen direnik”. Eta gaineratu du “abolizioaren bila” joan behar dela.
Galdeketari begira
Saguesek nabarmendu du hirian zezenketak egotea “lotsagarria” dela eta uste du gutxienekoa dela horrelako jarduerak debekatzea: “Gu harago goaz eta espezismoaren aurka gaude. Animaliak ez ditugu erabili nahi ez zezenketetan, ez jateko, ez janzteko; animaliak ez dira guk erabiltzeko”. Udalak, aldiz, ez du zezenketak debekatzeko inongo asmorik.
Pozik jaso dute EAEko Auzitegi Nagusiaren epaia eta azaldu dute epai hori baliatuko dutela galdeketa egin ahal izateko: “Espainiako Auzitegi Nagusiko errekurtsoa oraindik zabalik dago eta epaia baliatuko dugu argudiatzeko udalak eskumena duela erabakitzeko bere eraikinak zertarako erabili”.
Horrela, euren helburua hiritarrei kontsulta egitea dela azaldu dute, baina bien bitartean zezenketak antolatzen jarraituko dute: “Ez dakigu epai honek bide judizialean zein bide edukiko duen, baina udalak bere esku dagoen guztia egingo du galdeketa egin ahal izateko”.