"Sufrimendu gaitasuna dutelako defendatzen ditugu animaliak"
Sokamuturra, idi-demak, ehiza txapelketak... ‘Gurean’ dokumentala sortu du Askekintzak, Euskal Herriko jaietan hain errotuak dauden ekitaldietan animaliek jasaten dituzten zapalkuntzak salatzeko
Maialen Sagues, Askekintzako kidea
Askekintza animalien askapenerako mugimenduak Gurean dokumentala grabatu du, Euskal Herriko festetan animaliak nola erabiltzen diren salatzeko. Taldeko kide zein kolaboratzaileek lau urtean 30 herritan baino gehiagotan plazetan jasotako irudiek osatzen dute filma. Maialen Sagues (Hernani, 1994) Askekintzako kidearen arabera, martxoaren 23an Donostiako Trueba zinema aretoan aurkeztuko duten lan hau animaliek jasaten duten zapalkuntzaren jabetze prozesua bideratzeko lehen pausoa besterik ez da izango.
Zein helbururekin sortu duzue dokumentala? Barrura begiratu eta gure kulturaren inguruko hausnarketa kolektibo bat egiteko momentua dela uste dugulako egin dugu dokumentala. Festen arazoa azaleratzea lehen pausotzat jo dugu, dibertitzeko erabiltzen ditugun animaliak ikusgarrienak direlako. Baina gure helburua jendeari antiespezismoa zer den eta guk zer egiten dugun garbi azaltzea da.
Askok oraindik ekologistekin eta animalistekin nahasten gaituzte. Espezismoa gure gizartean ematen den zapalkuntza injustu bat dela salatzen dugu, eta espezieagatik diskriminatzea gaizki dagoela aldarrikatzen dugu.
Festetako animaliak nola erabiltzen diren salatzea hasiera besterik ez da? Animalien erabilera orori amaiera eman behar zaiola uste dugu, baina gizartea aldatzea egun batetik bestera zaila dela badakigu. Festetako animalien erabilera bistaratu nahi izan dugu agian ikusgarriena delako. Animalia bizirik dagoen bitartean jendeak harremana du berarekin, eta enpatia izateko aukera ematen du.
Animalien erabilera oso errotua dago gure jaietan? Guztiz. Euskal Herrian ia ez dago animaliak esplotatzen ez dituen herririk. Kulturalki horren errotua dago, jendeak gauza asko ez dituela identifikatzen. Adibidez, askotan esan ohi digute Saran eta Lekeition erabiltzen dituzten ahateak aurretik hilda daudela, eta, hortaz, sufritzen ez dutela. Baina kontziente izan behar dugu ahate horiek bertara nola iritsi diren, eta dibertitzeko norbait hiltzea injustua dela, edozein modutan.
Zein motatako ekitaldiak bildu dituzue dokumentalean? Sokamuturrak, idi-demak, ehiza eta arrantza txapelketak, ahate jokoak, bigantxak eta entzierroak, zezenketak, umeentzako animalia jaialdiak…
Eta Donostian? Zezenketez gain, Altzan idi-demak topatu ditugu, animalia jaialdiak Herreran, bigantxak zenbait auzotan…
Zer jasaten dute animaliek horrelakoetan? Animaliak defendatzen ditugun subjetuak badira, sufrimendu gaitasuna dutelako da. Nerbio sistema zentrala daukate, eta horrek egiten diegun guztia sentitu egiten dutela esan nahi du.
Hauek plaza batean sartzen ditugunean, gauza bakarra nahi dute, hortik ihes egin. Estresa eragiten dien momentua da, mediora ohituak ez daudelako eta zarata eta jendez inguratuta daudelako. Horretaz gain, indarkeria fisikoa eta erailketa jasan behar izaten dituzte ere, noski.
Nola bildu dituzue irudiak? Aktibista askok grabatu dituzte azken lau urtean. Kolaboratzaileen laguntza handia izan dugu baita ere, bai irudiak jasotzen eta bai itzulpenetan, dokumentalak gaztelania, frantsesa eta ingelesezko azpidatziak izango dituelako.
Batzuetan ezkutuan grabatu behar izan duzue ere, ezta? Bai. Sokamuturra egiten ari den plazan grabatzea erraza da, nor zaren agerian uzten ez duzun bitartean. Beste batzuetan identitate berria asmatu behar izan dugu. Gipuzkoako baserri batean grabatutako irudiak biltzeko, adibidez.
Ekitaldi hauetako parte hartzaile gehienak gizonezkoak direla esaten duzue filmean. Patriarkatua existitzen denetik espazio publikoa gizonek bete dute urtez eta urtez, eta animalien erabilpenean berdin gertatzen da. Idi-dema edo sokamuturra batera joatean segituan ikusiko dugu bertan parte hartzen ari direnak, adin desberdinekin, gizonezkoak direla gehienak.
Maskulinitateak eragina dauka animalien zapalkuntzan. Gizon izatea botere sinbolo bat da, eta patriarkatuak beste genero zein espezietako gorputzak kontsumigarritzat jotzen ditu. Paralelismo interesgarriak daude feminismoa eta antiespezismoaren artean.
Jendeak zein jarrera izan ohi du zuen salaketen aurrean? Denetarik topatu dugu. Protesta erdian eskerrak ematera etorri zaizkigu batzuetan, eta jai batzorde askok bitartekaritza lanak egin dituzte ere gurekin. Horri esker udal askotan ari gara orain lanean, beraiekin batera gauzak aldatu nahian. Baina kontrako jarrerak topatu ditugu ere, noski. Gainera, jaietan alkohola egon ohi da medio, eta eraso eta mehatxuak jasan behar izan ditugu.
Nondik dator bortizkeria hori? Oso zaila da norberaren pribilegio bat identifikatzea. Askorentzat oso erraza da zezenketen kontra posizionatzea, Espainiako folklorearekin lotzen dutelako. Baina berrikusketa pertsonala egiterakoan, kosta egiten zaizkigun gauzak ez ditugu ikusi nahi. Norbaiti zapaltzailea izaten ari dela esaten diozunean batzuetan defentsiban jarri eta jarrera bortitzak erakusten dizkizu.
Feminismoak gizonezkoen pribilegioak azaleratzea lortu du. Feminismoak gizarteak matxismoa txartzat jotzea lortu du. Matxista asko dago gizartean, bai, baino inork ez du matxista izan nahi. Espezismoarekin hori ez dugu oraindik lortu, eta hori da orain gure lehen helburua.
Gizarteak animaliak zapaltzea gaizki dagoela ikustea lortu behar dugu, injustizia hori kolektibizatuz. Bai feminismoan eta bai antiespezismoan borroka asko falta da oraindik, eta bi mugimenduek etsai berdina dutela esango nuke. Gizon zuri, eurozentrista eta burgesa, alegia. Profil horretatik gero eta urrunago dauden izakiak gero eta zapalduagoak daude. Feminismoak duela asko identifikatu zuen arazo hori, eta guk orain gogoeta moral horren zirkuluan animaliak ere sartu behar ditugula diogu.
Umeak ere sarri ikus daitezke horrelako ekitaldietan. Txikitatik animalien zapalkuntza normaltasunez ikusteak animaliarekiko lotura enpatikoa moztea eragiten du. Bideo askok erakusten dute nola egiten duten negar umeek platerean daukatena animalia bat dela jakiten dutenean. Pixkanaka-pixkanaka, ordea, gizartearen bultzadaz sentimendu hori ezabatzen goaz, ohitu arte.
Ekitaldi horiek ordezkatzeko festa eredu berriak proposatu dituzue. Ohitura bat aldatzea errazagoa da alternatiba bat eskaintzen bazaizu. Sokamuturraren ordez proposatu ditugun bola erraldoiak eta aulki jokoek espero baino arrakasta handiagoa izan dute. Aurten ere udalekin bilduko gara zentzu horretan lanean buru belarri jarraitzeko.