Loiolako jaiak “mundialak” izango dira aurten. (Argazkia: Loiolako jaiak)
Bihar hasiko dira Loiolako jaiak eta lau egun iraungo dute, asteartera arte, hain zuzen. Aurtengoak “mundialak” izango direla diote jai batzordekoek, eta egitarau anitza dute.
Larunbat arratsaldeko globotak eta txupinazoak emango die hasiera Loiolako jaiei Latsarien plazan. Ordutik aurrera, 50 jarduera baino gehiagorekin beteko dute auzoa lau egunez.
Loiolako jaiak «mundialak» direla esateko, munduko futbol txapelketa aprobetxatu dutela aitortu du Ander Edok, Loiolako jai batzordeko kideak. Baina jaiek ez dute futbolarekin zerikusirik. Edoren arabera, bi zentzutan dira mundialak: «alde batetik, parekorik ez dutelako eta, bestetik, nazioartekoak direlako».
Edok azaldu duenez, jatorri ezberdinetako pertsonek osatzen dute auzoko komunitatea, eta, « Loiolan denak dira ongi etorriak».
Jaietako ekitaldi klasikoak aurtengo egitarauan ere badaude; hala nola, batelen estropada, San Fermin Txiki entzierroa, ibaiertzeko kukaña, Eliza kaleko Sagardo Jaia eta iltzearen ehorzketa. Edoren arabera, gauza batzuk oso errotuta daude auzoan, eta horregatik arrakasta asko izaten dute: «Beste gauza batzuk kendu daitezke, baina kukañak, esaterako, egon behar du, oso errotuta baitago».
Izan ere, auzoko jaiak San Ignazio egunaren bueltan Elizak antolatzen zituenetik egiten da kukaña Loiolan. Hala ere, gaur egun San Ignazio egunak gero eta garrantzia gutxiago duela nabarmendu du Edok.
Bestalde, iazko berritasun nagusiak, Euskal Herriko Ardoen Feriak, egitarauan jarraitzen du aurten. Edoren arabera, «oso harrera polita» izan zuen iaz, eta Sagardo Jaia bezala mantenduko dela uste du.
Musika eskaintzari dagokionez, Anonimos eta Dosis Gray talde donostiarrak egongo dira Latsarien plazako agertokian jotzen. Baina aurtengo musika emanaldirik indartsuena, Che Sudaka taldearena dela azpimarratu du Edok. Haren esanetan, jaien nazioarteko izaera hori islatuko du Che Sudakaren kontzertuak. Izan ere, taldea Bartzelonan sortu bazen ere, taldekideak argentinarrak eta kolonbiarrak dira.
Ildo beretik, Loiolako XXX. Nazioarteko Folklore Jaialdia ere aipatu du Edok. Aurten, Irlandako Trim the Velvet dantza taldeak, Tailandiako Chanthaburi dantza taldeak eta Euskal Herriko Koruko Ama Birginaren Eskolak hartuko dute parte.
Bestalde, Loiola Parade musika kamioia aterako da aurten ere, igande gauean zehazki. Kamioiaren tematika Olinpiar jokoak izango direla aurreratu du Edok. Beraz, jendea gai horretan inspiratuta mozorrotuta joan daiteke.
Izaera solidarioa ere izango dute Loiolako jaiek, Passikudah Bizirik Elkartasun Proiektuak postu bat izango baitu auzoan. Sri Lankako Passikudah herrixkak 2004an jasandako tsunamiaz geroztik sortutako proiektua da Passikudah Bizirik, eta jaietan lortutako diru guztia herrixka hura laguntzera joango da zuzenean.
Adin guztietarako jaiak
Loiolako jaiak adin guztietako pertsonentzat direla azpimarratu du Edok, haur, gazte eta helduentzako jarduerak baitaude egitarauan.
Horren harira, Sustrai aisialdi taldeko gazteen lana nabarmendu du Edok, haiek antolatu baitute 14-15 urte inguruko gazteentzako ginkana, besteak beste.
Bestalde, haurren artean arrakasta gehien San Fermin Txikik izaten duela azaldu du Edok, eta baita moto eta trizikloen lasterketak ere. Haur eta gurasoen bazkariak ere harrera ona izaten duela adierazi du jai batzordeko kideak: «bakoitzak berea eramaten duenez, partekatze giro polita sortzen da».
Helduentzako ekitaldiak ere badaude, astearteko Txamukos mariatxi taldearen kontzertua, esaterako. Beste urte batzuetan harrera ona izan du taldeak.
Lankidetza nagusi
Edok azaldu duenez, jaien antolakuntza jai batzordeak koordinatzen duen arren, auzokide guztiek parte hartzen dute.
Haren arabera, auzoko elkarte eta eragileekin lankidetza oso garrantzitsua da, eta jende asko egoten da laguntzeko prest: «Jendea txanpinoiak bezala ateratzen da laguntzeko».
Jendea Loiolara joatera animatu du Edok, haren esanetan, «Loiolako jaiak aktiboa den auzo baten eztanda» direlako.