Unai Gabilondo, Alderdi Ederren jarri duen ‘Ispilua’ lanarekin. (Argazkia: Estitxu Zabala)
«Metaforazko ispilu bat» jarri du Unai Gabilondo artistak Alderdi Ederreko tamarindo baten oinean, hiriak bere nortasunaz gogoeta egin dezan. Hain zuzen, Hernani kaleko Vetusart galerian
Ez da bistakoa erakusketa zabaldu du Gabilondok, eta horrekin lotuta jarri du ispilua. Urriaren 20a arte egongo da ikusgai.
Nortasuna da gai nagusia: «Bi elementuek lagunduko digute bistakoa denaren eta ezjakintasunaren arteko hari mehe horren gainetik ibiltzen». Gabilondoren ustez, asko hitz egiten dute herritarrek «hemengoaz», baina benetan «hemengoa» zer ote den galdetzen du:?«Identitate aldetik badirudi denek gauzak oso argi ditugula, baina zein mami dago horren atzean? Espartinak merkataritza gune handi batean salduko balituzte, joango nintzateke Parte Zaharrera erostera? Auzotarrei kasurik egiten al diegu? Gure seme-alabek ikasiko al dute porru salda egiten?…».
Tamarindoarekin ere jolas egin nahi izan du, ispilua gehituta. «Tamarindoa oso donostiarra dela dirudi, baina norbaitek ekarriko zuen hona, Kontxako baranda bezala. Ispiluarekin alderantziz ikusten dugu isla, anbiguotasuna du, eta hauskortasuna emateko puskatua jarri dut. Mezua erraza eta zuzena dela uste dut».
Oso pozik dago Gabilondo jasotako erantzunarekin. Izan ere, Alderdi Ederretik pasatzen diren gehienen arreta deitzen du ispiluak: «Izugarria izaten da zenbat jende geratzen den, eta, gainera, azalpena irakurtzen dute, eta horrek asko harritzen nau. Hasieran gauetan kendu egiten genuen, baina gero lortu genuen udalaren baimena gauez ere uzteko».
Jendearen erreakzioak denetarikoak izan direla dio Gabilondok, baina orokorrean ideiarekin asmatu duela uste du, gehienei gustatu baitzaie. «Identitate hitza gaizki erabili izan dela uste dut, eta nire planteamentua oso irekia da. Pentsatzeko gune bat da. Bakoitzak hausnartu dezala zer den eta horrek emango dizkigu milaka identitate desberdin ».
Artistari, gainera, gustatuko litzaioke hiriko auzoetara zabaltzea ideia hori bera, eta auzoetako sinboloekin lotzea. Amara Berrin, esaterako, Gobernu Zibila Kultur Etxe mugimenduak deituta, jai bat egin zuten duela bi asteburu, eta han ere Gabilondoren lan bat jarri zuten, sustraiekin lotura eginez.
Altzariekin jolastu du galeriako erakusketan: «Erakusleihoan, adibidez, jarri dut aulki bat istalazio gisara, baina mantentzen du aulki baten funtzioa. Gero, pareteko apal batzuk jarri ditut, baina ez zitzaigun burutik pasako hor liburu bat jartzea… Oso maila gorenean jarri da artea, eta urrundu egin da pixka bat gizartetik. Niretzat arteak funtzio bat izan behar du, balio bera dute arteak eta artisau lanak».
Urte askoan Salamancan bizi ostean, duela hamazazpi urte itzuli zen Donostiarra Gabilondo: «Salamancan eta Madrilen aukera izan dut lanak egiteko, Londreserako ere baditut enkarguak, baina nire etxean ez. Honekin, gutxienez nire lanaren berri izatea espero dut».