Itsasoari lotutako lanbideak
Garai batean portuetan emakumeek hainbat lanbide betetzen zituzten. Haiek oroituz, argazki erakusketa bat jarri zuten Ontzi Museoak eta Aquariumak aurreko asteetan, Kaian. Guk ere gogoratu nahi izan ditugu, Donostiako emakume indartsu haietako batzuk aipatuz.
- Armadoreak edo ontzi jabeak. Donostiako baxurako arrantzaren eremuan, Guillerma Iturriza nabarmendu zen.
- Arrain saltzaileak. Itsasoari lotutako emakumeen lanbide adierazgarrienetako bat da. Emakume haiek arrain freskoa saltzen zuten arrain -postuetan, estalpeetan, merkatuetan eta kalean. Salmentarako emakume batzuek distantzia handiak egin behar izaten zituzten. Askotan hanka-hutsik. Donostian ezaguna izan zen oso Andresa Portugal, kaleko azken arrain saltzailea. Bretxan lan egin zuen 70 urtez, eta 2012an hil zen. Haren omenezko artelan bat jarria dago Bretxan.
- Benterak. Portuetan deskargatzen zuten arraina zuzenean enkantean jartzen zuten. Beherantz eginez aipatzen zuten prezioa, ingurukoren batek «nirea!» oihukatzen zuen arte.
- Kaiko langileak. Lanbide nekezen artean, nabarmentzekoak dira batelariak, zamaketariak eta zirgariak.
- Kontserbagileak. Tradizioz emakumeek egiten zuten lana, portuetan arraina eskabetxatuz eta gatzetan jarriz. Arrantzaleen familietako emakumeak izan ohi ziren, eta lan harekin laguntzen zuten familiaren ekonomian. Gaur egun, emakume askok jarraitzen dute kontserba-industrian lanean.
- Maestresa. Arrain ontzien inguruan emakumeek egin izan ohi duten lana garrantzi handikoa izan da. Lekuaren arabera era batera edo bestera deitzen zieten: pishonerak, maestresak, neskatillak… baina haien egitekoak berak ziren: sareak konpontzea, arraina deskargatzea porturatzean, arraina garraiatzea salgai jartzeko…