Hanburgesa onena irribarre batekin prestatzen da
Antiguako Mikel harategia askoren ahotan dabil azken egunetan, Gipuzkoako hanburgesa onenaren saria irabazi duenetik. Aurretik, ordea, aski ezaguna zen, auzoan erabat errotuta dagoen saltokia delako.
Bezeroak etengabe pasa dira goizean zehar harategiko langileak zoriontzeko. Mostradore gainean, zintzilik, harro, lortutako sariaren oroigarria: “Gipuzkoako hanburgesarik onena”.
Cebanc zentroak antolatutako lehiaketan parte hartzeko asmorik ez zuela aitortu du Mikel Arrillaga igeldotarrak, Juan de Garai kaleko harategiko jabeak: “Niri ez zaizkit txapelketak gustatzen, baina bezero batek sei hanburgesa hartu eta hara eraman zituen”.
Arrillagaren sorpresarako, ordu batzuen buruan bezeroa bueltan zuen harategian, lehiaketako epaimahaiekin batera: “Albistea harrigarria bezain pozgarria izan zen”.
Txapelketako arduradunen arabera, parekorik gabeko zaporea izateagatik jaso zuen saria Mikelen hanburgesak, lehiara aurkeztutako beste bederatzien aurretik. Beraien sekretua: “Soilik txahal edo behi haragia erabiltzea, inolako nahasketarik egin gabe, eta kalitatezko produktua izatea, noski”.
Hain zuzen, lehiaketara aurkeztutako hanburgesa Arrillagaren etxeko behien haragiarekin egin zuten. Ordea, prestaketan “kontatu ezin den beste sekretutxo bat” erabiltzen dutela aitortu du ere Mikel harategiko jabeak.
Ohitura onak mantenduz
Harategian 15 urte besterik ez zituela hasi zen lanean Arrillaga, eta ogibidea ongi ikasita, bost urteren buruan negozioa bere gain hartzeko gai izan zen, Nerea bere arrebaren laguntzarekin.
Geroztik 25 urte igaro dira, baina denbora horretan Mikel harategiak ez du bere lan egiteko modua aldatu: “Hemen lehengo era zaharrean egiten dugu lan, baserriz baserri, Igeldo eta inguruetako haragia erosiz”, azaldu du Arrillagak. Bere aitak, Miguelek, zeregin horrekin lagundu dio urte guzti hauetan zehar.
Mikel harategiak mantentzen dituen aspaldiko ohiturak ez dira, ordea, horretara soilik mugatzen. Izan ere, bezero bakoitza bere izenez ezagutzen duten saltoki honetan, elkarren arteko gertutasuna oso nabarmena da. Horrek Antiguan erabat errotuta egotera eraman ditu, eta egiten duten lana aintzat hartzeagatik auzotarrei oso eskertua agertu da Arrillaga: “Hori da benetako saria”.



