Edadetuen errepublika askea
Bi urte daramatzate Elkarbidean elkarteko kideek adineko pertsonentzat etxebizitza kolaboratibo bat eraikitzeko proiektuan lanean. Aste honetan hitzaldi bat egin dute, proiektua jendaurrean aurkezteko.
Zahartzaroa bizitzeko modu berriak sortzea eta adineko pertsonentzat elkarbizitza eredu alternatiboak sortzeko helburuarekin sortu zen duela bi urte Elkarbidean elkartea. Lau emakume, Marisa Sarria, Ixabel Fernandez, Karmele Mujika eta Liuba Santamaria dira elkartearen arima, eta gogor ari dira lanean adineko pertsonentzat etxebizitza kolaboratibo bat sortzeko prozesua garatzen. 65 urteko batez bestekoa du taldeak, eta Sarriak proiektuaren funtsa azaldu du:?«Gure inguruan zahartzaroa bizitzeko dauden aukerak ezagutzen ditugu, eta ez zaizkigu gustatzen.
Zaharren egoitzen alternatiba bat sortu nahi dugu». Fernandezen arabera zaharren egoitzak «pertsonak aparkatzeko lekuak» dira. «Egia da egoitzetan pertsonen oinarrizko beharrak asetzen direla, baina asistentziazko eredua jarraitzen dute guztiz», gaineratu du. Eredu horrek zahartzaro aktiboa eragozten duela baieztatu dute, eta gure gizartean oso larria den bakardadearen problematika areagotzen duela.
Horretaz gain, alternatibak sortzeko beharrak gizartearen beste faktore batzuetan oinarritzen dira, besteak beste, biztanleriaren bizi-itxaropenaren hazkundea eta horrek berekin dakarren zaintzen beharra, eta erretiroa hartzen ari den belaunaldi oso aktibo bat eta beste zaintza eredu batzuen alde borrokatu duena (ikastolak, haur-eskolak, bizilagunen elkarteak, eta abar).
Egungo familia ereduek ere eragin zuzena dutela adierazi dute, izan ere, nagusien zaintza zama gisa ikusten dute askok, eta familiek modu pribatuan bere gain hartu behar duten ardura izanik, tendentzia handia dago nagusiak erresidentziatara eramateko. Era berean, egungo bizi-erritmoak ez du zaintza modu duinean egiten uzten.
Joan den asteartean jendaurrean proiektua aurkezteko hitzaldia egin zuten, eta haiekin batera, Madrilgo Trabensol nagusientzat etxebizitza kolaboratiboko bi kidek, Paloma Rodriguezek eta Baudi Lozanok, esperientzia propioa azaldu zuten. 2013an hezurmamitu zuten Trabensol, eta ordutik, hamarnaka lagunek egunerokotasuna partekatzen dute han.
Elkarbideanek ibilbide laburra duen arren, adineko pertsonentzat etxebizitza alternatibak eraikitzeko ideia aspalditik darabilte hainbat herritarrek buruan. Duela zazpi urte Housekide elkartea sortu zen hirian, helburu berarekin, baina bost urtez ate joka ibili ostean, ez zuten proiektua gauzatzea lortu, eta desegin egin zen. «Zazpi urteren ondoren, Housekideko batzuk bueltan gara, ideia eta helburu berak aurrera eramateko konbentzimenduarekin», dio Fernandezek.
Ibilbide luzeko alternatiba
Zahartzaroa bizitzeko beste modu batzuk izango dituztela bermatzeko tresna gisa ikusten dute etxebizitza kolaboratiboa. Fernandezen ustez, beharrezkoa da gizarteak ikustea eredu aldaketa bat beharrezkoa dela, eta adineko pertsonen zaintza esparru pribatutik esparru publikora pasa behar dela:?«Adinduen zaintza ez da familia barnean konpondu behar den arazo bat, gizarte eta erakundeen ardura baizik». Etorkizunerako nahi duten etxebizitzak norberaren intimitatea eta kolektibotasuna barneratuko dituela aurreratu dute, eta adin eta behar antzekoak dituzten pertsonekin bizitokia partekatzearen garrantzia azpimarratu du Sarriak:?«Nik nire lagunekin bizi nahi dut, haiekin daramat eta bizitza osoa. Haiekin zahartu nahi dut, eta ez bakarrik, etxe huts batean».
Elkarbideanekoek ordu ugari eman dituzte etorkizuneko etxebizitzaren inguruan hausnartzen, eta eredugarri dira beraientzat Espainiako Estatuan eta Europako hainbat herrialdetan martxan dauden cohousing proiektuak. «Europan duela 40 urtetik martxan daude horrelako egitasmoak, eta oso ondo funtzionatzen dute. Gainera, frogatuta dago erakundeen gastua txikitu egiten dela, zerbitzu asko partekatu egin direlako».
Hala ere, Elkarbidean elkarteko kideak ez daude bakarrik abentura horretan. Proiektuaren oinarriak finkatzen laguntzen ari zaizkie hainbat bidelagun, besteak beste, Irungo Hiritik at diziplina anitzeko enpresa. Horrela jakinarazi du Sarriak:?«Hiritik at-eko lagunek laguntza teknikoa eman, eta gure pentsamenduak, nahiak eta ideiak paperean jartzen lagunduko digute». Donostiako Udalaren Lagunkoia planaren babesa ere garrantzitsua dela baieztatu dute, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Adinberri programan parte hartzeak eman dien bultzada nabarmendu dute.
Egun taldea osatzen duten lau emakumeak donostiarrak dira, eta etorkizuneko etxebizitza kolaboratiboa hirian gauzatzeko asmoa dute:?«Badakigu Donostian etxebizitza arazo izugarriak daudela, baina konponbidea erakundeek alternatibak eskaintzea izan behar da, eta ez gu hiritik joatea».
Fernandezek adierazitakoaren arabera gogotsu daude proiektuarekin aurrera jarraitzeko, eta nahi dute epe motzean taldera herritar gehiago batzea, elkarrekin zahartzaro duin eta zoriontsu bat ahalbidetuko dien etxebizitza kolaboratiboa eraiki ahal izateko.
Gipuzkoako adin nagusiko pertsonen erradiografia
EUSTATen arabera 2018. urtean 55 urte edo gehiagoko pertsonek Gipuzkoako biztanleriaren %35,4a osatzen zuten, eta datuen arabera, %42,2a izango dira 2031. urtean. Era berean, azken hamar urteetan 25.000 pertsona izan dira Gipuzkoan erretiratu direnak. Bestalde, EAEko emakumeen bizi-itxaropena (86,2 urte) Europako Batasuneko altuena da gaur egun. Gizonen kasuan bizi-itxaropena 80,3 urtekoa da, italiarrena bezalakoa, eta suediarrek gainditzen dituzte (80,4 urte).