"Kijera altxor bat da gurasoontzat"
Parte Zaharreko Kijera gaztetxeak eskaintzen zizkien aukerak baliatuz, auzoko zenbait gurasok Haurgunea sortu zuten azaroan Kaialde eraikinaren lehen solairuan, bereziki neguan agerikoa egiten den ekipamendu faltari aurre egiteko asmoz. Irune Cano eta Josune Urtizberea auzotarrek gaztetxearekin batera arriskuan dagoen espazio berri honen nondik norakoak azaldu dizkigute.
Nondik dator Haurgunea sortzeko asmoa?
Josune Urtizberea (J.U.): Haurgunearen beharra aspaldi identifikatu genuen, hotza egiten duenean Parte Zaharrean ez dugulako haurrekin egoteko lekurik. Zuloaga plazako parkea oso hotza da neguan, eta haurrak eskolatik irtetean ez daukagu nora joan. Auzoan Haur Liburutegi Nagusia dugu, baina txiki geratu ohi da, eta ez da jolasteko leku bat, irakurtzeko baizik.
Zergatik Kijeran?
(J.U.): Auzoko gazteek Kaialde ireki zutenean, guraso ugari bertara etorri ginen, gehien bat kuxkuxeatzera, gutako askok hemen ikas baikenuen txikitan. Gunea ezagutzean, aukera asko eskaintzen zituela ikusi genuen, eta Haurgunea sortzeko leku aproposa zela iruditu zitzaigun. Pixkanaka, gero eta guraso gehiago hasi ginen egitasmoaren inguruan biltzen, eta sortu nahi genuen espazioari buruz hausnartzen hasi ginen.
Irune Cano (I.C.): Gunea plastikozko jostailuz betetzea baino, nahiago izan genuen material birziklatuekin sorturiko gauzak erabiltzea. Haurgunean dauden ia gauza guztiak guk egin ditugu. Atzean daukagun murala ere haurrek egin zuten.
Lan handia hartuko zenuten.
J.U.: Gure helburua Haurgunea gure etxeak bezain txukun uztea zen, eta gogor ibili ginen lanean hori lortzeko.Txikiak lau hanketan ibiltzen dira hemen, eta ezinbestekoa zen dena garbi egotea. Ahal dugun segurtasun neurri guztiak hartu ditugu.
I.C.: Espazioa nahiko ondo zegoen, baina horrenbeste urtetan zehar itxita egon ostean, lekuak garbiketa lan sakona behar zuen.
Zenbat denbora pasa zenuten gunea sortzen?
I.C.: Gazteak irailean sartu ziren eraikinera eta segituan eskaini ziguten hura erabiltzeko aukera, auzotar guztiei irekita egongo zen lekua nahi zutelako.
Haurgunea sortzeko ideia buruan genuela, abuztuaren 31n gazteekin batera eraikinean Gau Beltza antolatzera animatu ginen, eta horrek aurrera egiteko bultzada eman zigun. Hilabeteko epean, paretak margotu, kristalak eta altzairuak garbitu eta espazio osoa txukun uztea lortu genuen, eta azaroa amaierarako gunea estreinatu ahal izan genuen.
Kijerako gazteekin harreman sendoa duzue?
I.C: Bai. Edozer behar dugun aldiro laguntzeko prest agertzen dira, eta guk ere beraiei ahal duguna eskaintzen saiatzen gara. Gurasook hasieratik hartu dugu parte gaztetxeko batzarretan.
Gaur egun zenbat familiak hartzen dute parte Haurgunean?
J.U.: Egun 40 bat familia etortzen gara, eta gurasoak arduratzen gara haurren zaintzaz. Noski, gurasoren bat enkargu bat egitera joan behar denean, gainerakoak bere umearen kargu egiten gara.
Horrenbeste familia izatea oso baliagarria da, edozer gauza behar dugun aldiro gutako batek beti horretan lagundu gaitzakeen norbait ezagutzen duelako: pailazo bat, ipuin kontalari bat, musikari bat…
I.C.: Haurgunea irekia da, eta edonor etorri daiteke hona bere seme-alabekin, auzokoa ez izan arren.
Nola moldatu zarete gainerako gurasoak hona etortzera animatzeko?
I.C.: Gunea ezagutu ostean, gure inguruko gurasoak hona etortzera gonbidatu genituen, Whatsapp-etik eta ikastolaren bidez. Esango nuke Haurgunea gaztetxe baten barruan egoteak askori beldurra ematen ziola, baina eraikinera sartu eta errealitatea euren begiekin ikusi zutenean, gehienek iritziz aldatu zuten. Haurrentzako leku atsegin eta egoki bat topatu zuten, plurala eta irekia.
Horrelako egitasmoek gaztetxeen inguruko iruditeria kolokan jartzen laguntzen dute.
J.U.: Gaztetxe hau auzoarentzako lekua da, eta ez parrandarako gune bat. Gazteek tailer eta egitasmo berri ugari antolatu dituzte lau hilabete hauetan zehar.
I.C.: Gauetan, adibidez, ordutegi zorrotza jarraitzen dute, ongi asko ezagutzen dutelako auzo honetan zaratarekin dugun arazoa.
Zuen ustez, zergatik da garrantzitsua Kijera Gaztetxea mantentzea?
J.U.: Adin eta mota guztietako auzotarrentzako topagunea izan daitekeelako. Pixkanaka gero eta gehiago ari gara gure artean nahasten eta gauzak elkarrekin antolatzen.
I.C.: Gainera, auzoan ditugun beharrekin horrelako eraikin bat hutsik edukitzea zentzugabekeria bat da.
J.U.: Azken urteotan Parte Zaharrak izan duen bilakaerarekin, auzotar asko bertan lekuz kanpo sentitzera iritsi gara. Kijera, ordea, auzoko arnasgune bat bilakatu da gutako askorentzat.
I.C.: Bertakoentzako gero eta leku gutxiago eskaintzen duen auzoan, euskaraz bizi eta jolasteko gune bat ireki digute. Guretzako Kijera altxor bat da.
Zer pentsatzen duzue udalak gaztetxearekin izan duen jarrerari buruz?
I.C.: Bere jokabidea ez zaigu bidezkoa iruditu. Eraikinera sartu bezain laster, gazteak udalarekin harremanetan jartzen saiatu ziren. Jaso duten erantzun bakarra, ordea, desalojoarena izan da.
J.U.: Ez dira sikiera proiektua ezagutzeaz arduratu. Hona ez da udaleko inor etorri, ateak ireki zaizkien arren. Gaztetxera etorri beharko lirateke, eta egokia ez den zerbait ikusiz gero, denon artean irtenbideak bilatzeari ekingo genioke.
I.C.: Gazteek egin duten gauza bakarra eraikinaren ateak auzoari irekitzea izan da, eta horrekin ez dute kalterik eragin, kontrakoa baizik.
J.U.: Desalojo arriskua dela eta, ordea, behin-behinean haurrekin gaztetxera etortzeari utzi beharko diogu. Baina jolasean ibiltzeko gune baten beharra izaten jarraitzen dugunez, datozen egunetan umeekin udaletxera joatea erabaki dugu.