"Ardura handia izango da"
Antiguako Larramendi ikastetxeko Anne Vicente de la Fuente izango da danbor nagusia; eta diskurtsoa emango du Aieteko Jesuitinas ikastetxeko Alazne Armendarizek, Easo Ederrak.
San Sebastian Egunean, 5.000 haur baino gehiago elkartuko dira Alderdi Ederren, eta 12:00etan, elkarrekin San Sebastian martxa joko dute, desfileari ekin aurretik; udaletxeko balkoitik, abestia zuzenduko du Antiguako Larramendi ikastetxeko Anne Vicente de la Fuentek, danbor nagusiak; eta diskurtsoa emango du Aieteko Jesuitinas ikastetxeko Alazne Armendarizek, Easo Ederrak.
Nola jakin zenuten haur danborradako karguak beteko zenituztela?
Alazne Armendariz (A.A.): Diskurtso bat prestatu behar izan genuen, eta, ondoren, gela batera joan ginen. Esan zidaten Easo Ederra izango nintzela, eta negarrez hasi nintzen emozioarengatik. Asko gustatzen zait.
Anne Vicente de la Fuente (A.V.): Probak egin nituen eta asko gustatu zitzaidan. Azaroan, eskolako eskailerak igo nituen, eta esan zidaten Danbor Nagusia izango nintzela. Oso pozik jarri nintzen.
Asko entseatzen ari zarete? Nola daramazue?
A.V.: Bai, asko entseatu dugu; batzuetan denok batera, eta beste batzuetan, danbor nagusiek bakarrik, Albertorekin–eskolako arduraduna–. Besoak nola mugitu eta erritmoa ongi nola eraman landu dugu.
A.A.: Gu orain dena prestatzen ari gara, erantzunak, diskurtsoa… irakasle batek lagundu dit diskurtsoarekin, Idoiak, oso jatorra da. Elkartasunari buruz hitz egingo dut, oso garrantzitsua delako egun horretan denak elkarrekin egotea.
Aurreko urtetan zein postutan aritu zara, Anne?
A.V.: Danborra edo upela jotzen atera izan naiz beti.
Urduri zabiltzate?
A.A.: Bai, gainera,eskolako asko gara pertsonaiak eta denak urduri gabiltza. Ni oso gustura nago, Easo Ederra izatea asko gustatzen ari zait, eta soinekoarekin oso pozik nago.
A.V.: Ni bai, pixka bat urduri nabil. Ardura handia izango da.
Nolakoa izango da San Sebastian eguna?
A.A.: Oso goiz jaiki beharko naiz, eta eskolara joango naiz. Argazki batzuk aterako ditugu, eta udaletxera joango gara. Diskurtsoa esango dut balkoitik eta egunaz gozatuko dut.
A.V.: Goizean goiz mugitu eta gero familiarekin bazkalduko dut.