"Gustatuko litzaidake Euskadiko marka ere haustea"
Ikasketak tarteko utzi zuen kirola, eta bere aurpegia ezaguna egin zen modan eta telebistaren munduan. Urte askoren ostean itzuli da altuera jauzia egitera Donostiako Atletikorekin, beteranoen mailan.
Errenterian jaio zen Maitane Segurola, 1979an. Santo Tomas Lizeoan ikasi zuen eta han eman zituen lehen pausoak atletismoan. Ikasketak tarteko utzi zuen kirola, eta bere aurpegia ezaguna egin zen modan eta telebistaren munduan. Urte askoren ostean itzuli da altuera jauzia egitera Donostiako Atletikorekin, beteranoen mailan, sekula baino indar gehiagorekin, eta helburu zehatzak lortzeko asmoarekin.
Zerk eraman zintuen atletismoan sartzera?
Santo Tomas Lizeoan nenbilela, garai hartako bosgarren mailan, gelakide batzuk atletismoan hasi ginen. Talde majoa sortu genuen, Naroa Agirre zegoen horien artean, eta beraz gain beste atleta oso on batzuk atera ziren, hainbeste jarraitu ez dutenak. Euskadiko Txapelketa asko irabazi genituen, eta kadetea nintzenean, Gipuzkoako Foru Aldundiak etorkizuneko kirolari izendatu ninduen. Garai hartan hasi nintzen atletismoa ezagutzen, eta altuera jauzia probatu eta horrekin geratu nintzen. Ikastola bukatzean Donostiako Atletikora bidali gintuzten eta orduan hasi ginen Espainia mailan lehiatzen ohorezko mailan. Bakarkako gisa iritsi nintzen Gipuzkoako eta Euskadiko txapelduna izatera, ez dakit zenbat aldiz, eta Espainiako txapelketetan parte hartu izan nuen Ruth Beitiarekin batera, gaur egun urre olinpikoa izatera iritsi dena, beste lorpen batzuen artean.
Momentu batean, ordea, kirola uztea erabaki zenuen.
Bai, guztiz moztu nuen harremana atletismoarekin, ikasketak eta beste hainbat kontu tarteko. Biologia ikasi nuen Leioan, eta buru-belarri sartu nintzenean, kirola alde batera utzi nuen.
Zerk bultzatu zaitu berriro ere itzultzera?
Iazko abuztuan itzuli nintzen. Dena izan zen Naroa Agirre erretiratu egin zela iaz, eta agur moduko bat egin ziotela Atletikokoek, eta han izan nintzen. Nire taldekideak izandako askorekin topo egin nuen, batzuk jarraitzen zuten aktiboan eta modu oso atseginean. Tentagarria egin zitzaidan itzultzearena. Anoetara joan nintzen egun batean Martintxorekin, gure betiko entrenatzailearekin, eta nire burua ongi ikusi nuen. Agian indar aldetik ez nenbilen ongi, baina teknika aldetik ikusi nuen estiloa mantentzen nuela. Proposatu zidaten irailean joatea Beteranoen Munduko Atletismo Txapelketara, Malagan bertan zelako. Ez zuten gutxieneko markarik eskatzen, onartu ninduten, eta hara joan nintzen beste lagun batekin.
Nolakoa izan zen esperientzia?
Munduko zazpigarrena geratu nintzen nire mailan, eta hori ez dago batere gaizki. Esperientzia oso polita izan zen, hain polita, bada orain buru-belarri hasi naizela denboraldi berria prestatzen.
Orain nola antolatzen zara entrenatzeko?
Astean hiru egunetan aritzen naiz entrenatzaile pertsonal batekin. Asko nabaritzen dut hobekuntza. Adinarekin asko galtzen da indarra, baina landuz ikusten dut ongi nagoela, eta denboraldia hasi denetik lortu dut Gipuzkoako errekorra haustea 35 urteko kategorian eta 40 urtekoan, 1,39 zm-rekin.
Erronkaren bat jarri diozu zure buruari?
Gustatuko litzaidake Euskadiko marka ere haustea; 1,47 zentimetroko jauzia beharko dut ekainerako. Badago halako pike bat gainera Gipuzkoa eta Bizkaiaren artean, eta orain bizkaitar batek du markarik onena. Espainiako txapelketetan postu polita lortu nahi dut. Ikusiko dugu martxoko txapelketan. Gaur egun sailkapeneko bigarrena naiz Espainia mailan. Poloniara joateko asmoa ere badut martxoan, han izango da aurten pista estaliko Beteranoen Munduko Atletismo Txapelketa. Oso motibatua nago, beteranoetan sekulako giroa sortzen da.
Zer ari zara deskubritzen beteranoetan?
Ama izan eta gero mundu berri bat izaten ari da niretzat atletismoa, askorako balio dit: lagun berriak egiteko, bidaiatzeko, kirola egiteko, eta, batez ere, helburuekin lan egiteko. Txapelketa zehatzak prestatzeak indar handia ematen dit. Denentzako kirol bat iruditzen zait, batzuek jauzia egiten dute, beste batzuek jaurtiketak… jende asko barneratzen du.
Asko harritu nau ikusteak zenbat beterano dauden jardunean. Uste nuen zahar gutxi batzuen mundua zela, eta Malagan, esaterako, 8.200 partaide bildu ginen. Gertu bizi ginenak gehiago ginen, noski, baina bazeuden Japoniakoak, Zeelanda Berrikoak, Amerikakoak, Australiakoak… eta orain ere ikusten ari naiz Polonian partaidetza handia izango dela. Malagan baino gutxiago, erakargarriagoa delako irailean Malagara joatea, eguraldi onarekin, baina orduko erdiak edo izango gara. Malagan, esaterako, 101 urteko indiar bat aurkeztu zen eta xabalina jaurti zuen; harrituta geratu nintzen, ez bakarrik emakumea ikusteagatik jaurtiketa egiten, hara joateko egin baharreko guztiarengatik baizik. Bizitza estilo horrek inbidia handia ematen dit.
Inoiz atletismora itzultzea espero zenuen?
Bai. Askotan begiratu izan dut nire adinarekin zein marka zeuden eta jendeak zenbateko jauziak egiten zituen. Askotan pentsatu izan dut itzultzea, baina ez nekien noiz iritsiko zen egun hori. Naroa Agirreren agurra nahigabean sortu zen momentu bat izan zen, eta begira.
Telebistaren munduan aspaldi sartu zinen. Nolatan?
Modeloen munduan hasi nintzen. Probatu nahi nuen, eta ikasten ari nintzen bitartean dirua irabazteko eta esperientziak bizitzeko balio izan zidan; baina ez da gehien gustatzen zaidana. Azafata ere izan nintzen, eta Euskal Herriko txirrindularitza itzulian jende pila bat ezagutu nuen: txirrindulariak, langileak… esperientzia handia eman zidan. Telebistan sartu nintzen atrezzo moduan edo, nolabait esatearren. Txiskola saioko zuzendaria zuzenean etorri zitzaidan, eta proba txiki bat egin zidaten. Galdetu zidaten ea saioa zergatik gustatzen zitzaidan, eta erantzun nuen gustatzen zaitzaidala behingoz ETBn aukera zegoelako euskalkiak entzuteko. Erantzuna asko gustatu zitzaion eta han hasi nintzen.
Bi urte egin nituen Kike Amonarrizekin eta Piter Ansorenarekin, eta oso gustura egon nintzen. Pila bat ikasi nuen; hasieran ez nuen gidoirik, baina pixkanaka tarte gehiago eman zidaten, eta aurkezle laguntzailea izatera iritsi nintzen. Hortik aurrera telebistan asko ibili nintzen; baina jauzi handiena izan zen Txirri, Mirri eta Txiribitonekin lanean hasi nintzenean, Triki Traka Triki Tron saioan. Bost urte egin nituen saio horretan eta umeekin lan egitea sekulako esperientzia izan zen. Oso publiko berezia dira umeak, oso transparenteak, bai onerako bai txarrerako ere.
Urte batzuetan telebistatik kanpo egon eta gero, ETB2ko saio batean itzuli zara. Zer moduz zabiltza?
Ez zen nahita egindako geldialdi bat izan telebistarena. Anitzele saioan kolaborazio bat izan dut, baina gauza gehiegirik ez. Que me estas contando saiotik deitu zidaten pare bat kolaborazio egiteko, eta gero proposatu zidaten saioko kide izatearena; bi urte eta erdi daramatzat ordutik! Niretzako jauzi kualitatibo handia izan da, nire telebistako ibilbidean gaztelaniazko lehenengo saioa izan delako. Erronka oso polita izaten ari da; hasieran dena itzultzen nuen nire buruan, baina pixkanaka lortzen ari naiz gaztelaniaz pentsatzea, eta orain jada eroso nago. Oso zaila da eramatea zuzenean eta egunero egiten den saio bat. Mantentzea bakarrik erronka bat da, eta Ion [Aramendi], aurkezlea, oso langile fina da, eta taldean oso giro ona lortu du.
Webgune bat duzu eta Instagramen eta Youtuben oso kontu biziak dituzu, ezta?
Ikus-entzunezkoen mundua oso gogoko izan dut beti, eta Youtubeko kate bat sortu nuen. 2015ean Gaztea irratiak euskarazko youtuber onenaren saria eman zidan. Gero, sare sozial bakoitzak gauza desberdinak ematen dizkizu. Instagramen irudia lantzen da gehien, eta batez ere anaiarekin ateratzen ditudan argazkiak jartzen ditut. Youtubeko katea ere anaiarekin daramat, pantaila aurrean ni ateratzen naizen arren. Askok galdetu didate zergatik egiten dudan euskaraz bakarrik, eta mindu egiten nauen zerbait da. Niri euskaraz ateratzen zait, eta gustura egiten dut euskaraz. Gainera, ez daukat dirua lortzeko bide gisa, denborapasarako erabiltzen dut eta oso esperientzia polita izaten ari da. Azpidatzi egiten ditugu, eta mundu guztira iristen dira bideoak, Nagore Aranbururi egindako elkarrizketa, esaterako, asko zabaldu da, eta Donostiako pintxorik onenarena Japonian zabaldu da bereziki. Oso kuriosoa egiten zait pentsatzea norbait Japonian euskarazko bideo bat ikusten ari dela.
Jaiotzez Errenteriakoa zara…
Bai, 11 urte nituela etorri ginen Donostiara. Kuadrilla Donostian egin dut, baina beste herri batetik etortzen garenoi gertatzen zaigu ez garela ez hemengoak ez hangoak. Azken urteetan Loiolako Erriberan bizi naiz familiarekin.
Donostian egiten duzu eguneroko bizitza?
Bai, pila bat. Goizetan lan egiten dut higiezinen agentzia batean, Erdialdean, eta inguru horretan enkargu asko egiten ditut. Parte Zaharraren ondoan gaude gainera, eta goizetan sortzen den giro hori asko gustatzen zait, bizitza berezia dauka. Donostiatik bestela asko mugitzen naiz bai bizikletaz bai motoz ere. Lagunak eta familia hemen ditut, eta umeengatik ere pila bat ibiltzen naiz batera eta bestera. Egiako parkean asko ibiltzen naiz eta Urumea ibaia ere asko gustatzen zait; Kontxaren itzalean beti, ez dago hain baloratua, baina izugarri polita eta aberatsa iruditzen zait. Donostiatik, egia esan, gutxi ateratzen naiz, lehen ez bezala.