Josebe Iturrioz: "Transexualitatearen alde pornografikoari ematen diote garrantzia hedabideek"
Plazandreok plataforman hasi zuen ibilbide politikoa Josebe Iturriozek (Ordizia, 1978), eta 2000. urtean Medeak talde transfeminista sortu zuen, beste kide batzuekin batera. Euskal Herrian diskurtso eta planteamendu transfeministak txertatzeko lan handia egin du Medeakek, eta Iturriozen arabera, oso positiboa izan da transfeminismoak Euskal Herriko mugimendu feministari egin dion ekarpena.
IRUTXULOKO HITZAk luze eta zabal hitz egin du Josebe Iturriozekin. Besteak beste, bere ibilbide politikoak pertsonalki nola eragin dion azaldu digu, eta Euskal Herrian transfeminismoak egun dituen erronken inguruan hitz egin digu. Elkarrizketa osoa ostiraleko astekarian egongo da irakurgai. Bitartean, hona hemen aurrerapen bat:
Medeak talde transfeministan ibilbide luzea egin duzu. Drag King tailerrak erabili izan dituzue maiz tresna politiko gisa. Zeintzuk dira tailer horiek eskaintzen dituzten aukerak?
Guk egiten ditugun tailerren hasieran sekulako eduki teorikoak lantzen ditugu lau orduz. Klase magistral luze bat izaten da, hainbat pertsonek gidatutakoa. Gero, beste lau orduko tailer praktiko bat egiten dugu, eta amaitzeko, kalera edo festa esparruetara ateratzen saiatzen gara. Egun osoko lanketa bat da.
Tailer horiek hainbat aukera eskaintzen dituzte, besteak beste, feminitatea eta maskulinitatea, hau da, arra eta emea kontzeptuak desnaturalizatzea, binomio hori zalantzan jartzea eta generoen definizio hertsi eta zurrun hori zalantzan jartzea. Gainera, modu oso praktikoan egiteko aukera ematen dute. Praktika horretan jendeak ikusten du nola eraiki dezakeen maskulinitatea, eta gainera, konturatzen da maskulinitatea eraikitzeko, barruan duten feminitatea deseraiki behar dutela. Ondorioz, parte-hartzaileak konturatzen dira nola, emakumea izanik, erabiltzen dituzten protesi eta teknologia asko emakumetasuna adierazteko. Teknika horiek kendu eta maskulinitatearen teknikak ondo erabiltzen badituzte, bizi dezakete esperientzia berri bat, aukera ematen dizuna galdera asko planteatzeko: Zer da gizon bat? Zer da gizon bat bezala irakurria izatea? Zer da zure gorputzaren bizipen politiko alternatibo bat egitea? Gainera, emakume gisa kendu dizkiguten pribilegioak identifikatzeko aukera ematen dute.
Tailerrak oso parodikoak eta fisikoak izaten dira. Alde katartiko bat daukate. Emakumeak oso esperientzia traumatikoekin konektatzen dute tailer horien bitartez. Maskulinitatearen pertzepzio fisiko oso biolentoa eta perbertsoa daukagula konturatu naiz urte hauetan. Tailerretan pertsonaia bat sortu eta antzeztu behar izaten dute parte hartzaileek, eta horrek lanketa bat eskatzen du.
Orduan, sortzen dira gizon profil oso biolentoak, esaterako pederastak. Batzuetan, aldiz, batzuk saiatzen dira maskulinitate onagoak sortzen, baina ez dute asko funtzionatzen. Jendeak izan dezake esperientzia traumatiko bat drag king tailer bat egiten. Maskulinitatea bizitzea batzuentzat oso traumatikoa izan daiteke, gehien bat, maskulinitatea modu oso traumatiko batean eta era inposatuan bizi izan badute, adibidez, tratu txarrak jaso badituzte. Teknika gisa oso interesgarria dira tailerrak, baina ikusi izan dudana da emakumeek ez dugula maskulinitatea modu positiboan bizitzen. Hala ere, orokorrean oso ondo pasatzen dugu tailerrak egiten.
Badute beste puntu bat oso interesgarri bat: gizonak beste modu batean irakurtzen ikasteko aukera ematen dute. Konturatzen zara nola beraiek ere antzeztu egiten duten euren nortasuna. Tailer horietan ikasitakoaren ondorioz, maskulinitate askok grazia handia egiten didate, oso hiperbolikoak direlako.. Azaleratzen dira oso gauza inozoak, esaterako, gizon bati eskua ondo nola eman behar zaion. Emakumeek ez dakigu eskua gizonki ematen. Tontakeria bat eman dezake, baina botere kontu bat da. Eskua ondo ematen badiozu gizon bati, bere kodeak ulertzen dituzula erakusten ari zara.