"Adiskidetasunari buruzko istorioa da"
'Soinujolearen semea' filmarekin hasiko da gaur 17. Giza Eskubideen Zinemaldia. Bernardo Atxagaren eleberrian dago oinarrituta, eta Fernando Bernues (Donostia, 1961) zinemagileak zuzendu du. Apirilaren 12an zinema areto komertzialetan izango da.
Antzezlanak izan zuen arrakastaren ondoren, filmak ere harrera beroa izango duela uste duzu?
Espero dudana da publikoak ikusteko gogoa izatea. Nobela irakurri dutenek istorioa filmean errekonozitzea espero dut, eta irakurri ez dutenentzako aproposa da gure historiaren zati bat ezagutzeko. Nobelak bezala, filmak ere bi lagunen arteko harremana kontatzen du. Adiskidetasunari buruzko istorioa da. Traizioari eta indarkeriari ere erreferentzia egiten dio.
Zikloa itxi duzu?
Istorioak onak direnean mintzaira hainbaten bidez bizi daitezke. Hasieratik filma egitea zen nire asmoa, baina nobelaren eskubideak beste pertsona batek zituen. Horregatik, antzezlana egitera ausartu nintzen. Urte batzuk pasa ziren eta filmik egiten ez zela ikusita, Bernardo Atxagari galdetu nion ea eskubideen kontua nola zegoen. Berak esan zidan eskubideak libre geratu zirela, eta filma egiteko unea iritsi zen.
Zertan dira desberdinak antzezlana eta filma?
Istorio bera kontatzen badute ere, bakoitzak berezitasunak ditu. Antzezlanean ez ziren lokalizazio guztiak agertzen, ezta pertsonaiak ere. Filmean, berriz, eleberriko istorio gehiago daude. Lekuak eta pertsonaiak ere gehiago dira.
Bernardo Atxagak nobelan ez dauden istorio pare bat gehitu ditu filmean, ezta?
Aberastu ditu pasarte batzuk. Gidoia pasa genion, eta gauza berri batzuk gehitu nahi izan zituen. Horietako batzuk sartu ditugu, eta beste batzuk ez. Istorioa ez dute aldatzen, baina ikuspegi berri batzuk gehitu dizkio nobelaren egileak.
Atxagari gustatu zaio emaitza?
Bai, eta asko gainera. Lehen muntaia egin nuenean bidali nion, eta gerora azken emaitza ere hainbatetan ikusi du. Lehen unetik esan zidan asko gustatu zitzaiola. Mezu bat bidali zidan esateko hunkituta zegoela. Aktoreak ezin aproposagoak iruditzen zaizkiola esan zidan, eta filma drama klasikoen mailakoa zela.
Araba, Gipuzkoa eta Nafarroan grabatu zenuten filma. Eta Kalifornian (AEBak)?
Ez ginen hara joan, baina filmean ondo islatu dugula uste dut. Euskal Herriko hainbat lekuren nahasketa da. Istorioaren hasieran Opakua ageri da pinudi batekin, filmeko arrantxoa Ultzaman dago, eta adinekoen egoitza Uliako aterpetxea da. Errege Magoei eskatu genien astebete Kaliforniara joatea grabatzera, baina ez zen posible izan.
Antzezlaneko aktore askok filmean ere parte hartu dute.
Filmean ere agertzen dira baina gehienak beste pertsonaia baten rolean. Mireia Gabilondo da pertsonaia nagusien artetik errepikatzen duen bakarra. Dena dela, Aitor Beltranek filmean David helduaren rola betetzen du, eta antzezlanean David gaztearena. Iñaki Rikarterekin gauza bera gertatzen da. Joseba Apaolaza, berriz, David heldua zen antzerki obran, eta filmean Daviden aita da.
Laia zure alabak ere parte hartzen du. Nolakoa izan da film honetan berarekin lan egitea?
Aurretik ere elkarrekin lan egin dugu, eta gerora aktore gisara ez jarraitzeko erabakia hartu zuen. Horrela ere, tarteka lantxo batzuk egiten ditu. Kastina egin genuenean, Virginiaren eta Teresaren rolak betetzeko neska askori egin genien froga. Miren Arrieta hautatu genuen Teresa izateko, eta gerora konturatu nintzen ezagutzen nuela. Izan ere, nire alabaren txikitako laguna da. Aurretik nahiko argi banuen Virginiaren rola nire alabak egingo zuela, bien arteko lotura hori erabakigarria izan zen. Gainera, alabak esan zidan lehen aldia dela Mirenek eta berak mutil bera musukatzen dutela.
Filmaren aurrestreinaldia Huelvako (Espainia) zinema jaialdian egin zenuten. Zer nolako harrera izan zuen?
Izan zezakeen harrerarekin zalantzak nituen, baina ez zen posizionamendu interesaturik sortu eta oso gustura geratu nintzen. Iazko Durangoko Azokan ere aurkeztu genuen, eta pasa den astean Nantesko (Frantzia) zinema jaialdian izan ginen. Pozik nago orain arte izan duen harrerarekin.
Giza Eskubideen Zinemaldiari hasiera emango dio filmak.
Josemi Beltranek egin zidan proposamena eta ilusio handia egin zidan. Filmak kontatzen duen istorioak bat egiten du jaialdiaren oinarriarekin, eta hausnarketarako aukera ematen du. Ekoizle eta banatzaileei ondo iruditu zitzaien, eta plazera izango da jaialdia gure filmarekin hastea.
Apirilaren 12an estreinatuko da zinema aretoetan. Eguna iristeko gogoa duzu?
Bai noski. Nik nahi dudana da jendea filma ikustera joatea, gustatzea eta zinema aretotik ateratzerakoan taberna batera joan eta ikusitakoaz hitz egitea. Nobela eta antzezlana gustatu zitzaienei filma ere gustatuko zaiela uste dut.