Tartariar xerra oliba testurekin
OSAGAIAK
-Azpizuna.
-Perrexil txikitua.
-Tipulina.
-Gorringo bat.
-Kaparrak.
-Oliba olioa.
-Ketchupa eta mostaza.
-Tabaskoa.
-Gatza.
-Piperbeltza.
-Ezpeletako piperrak.
-Lea & Perrins saltsa.
PRESTAKETA
Tartariar xerra prestatzeko, lehenik, azpizun zatiak haragia txikitzeko makinatik pasako ditugu. Ondoren, haragia gatza, piperbeltza eta Ezpeletako piperrekin gozatuko dugu. Gero, ongi txikitutako perrexila, tipulina eta kaparrak gehituko dizkiogu. Bestetik, katilu batean gorringoa, mostaza eta oliba olioa nahastuko ditugu. Nahasketa amaitzean, ketchupa, tabaskoa eta Lee & Perrins saltsa gehitu beharko dizkiogu, eta hori eginda, haragiarekin elkartuko dugu. On egin!
David Arellano, Eme Be Garrote jatetxeko sukalde burua
“Sukaldea eta jangela bat etortzea ezinbestekoa da bezeroari zerbitzurik onena eskaini ahal izateko”
Martin Berasategik Ibaetako sagardotegi zahar batean kokatu zuen Eme Be Garrote jatetxea, duela bost urte. Geroztik, hiriko sukalde onenetariko bat bilakatu da, David Arellano sukalde buruaren eskutik. Jatetxeak lehen Michelin izarra jaso zuen azaroan.
Nola jaso zenuten albistea?
Aitortza zirraragarria izan da lantalde osoarentzat, eta ilusioz bete gaitu. Hala ere, oinak lurrean izaten jarraituko dugu, eta gure eguneroko jardunari ekinez, hurrengo urtean ere izarra mantentzeko lan egingo dugu.
Zerk egiten du berezi jatetxea?
Sukaldeko eta jangelako zerbitzuek elkar ulertzeko duten gaitasuna asko estimatzen dut. Bat-etortze hori ezinbestekoa da bezeroari zerbitzurik onena eskaini ahal izateko.
Jatetxea sagardotegia zen lehen. Ezaugarri hori nabaritzen al da zuen plateretan?
Bestelako sukaldaritza egiten dugu, Martinen jatorrietan oinarritzen dena. Hala ere, badugu sagardotegiek duten ezaugarri garrantzitsu bat: soilik tokiko produktuekin egiten dugu lan.
Sagardotegiaren izaera gehiago mantendu da jatetxearen dekorazioan. Hainbat elementu apaingarri gisa gorde nahi izan ditugu, eraikinaren historiari errespetu handia diogulako: upelak, prentsak, saskiak, lurra…
Jatetxearen kokapena apartekoa da, oso lasaia.
Zelai berdez eta ardiz inguraturik gaude, jatetxean amaitzen den kale baten muturrean. Zorte handia daukagu, hirian egonik egundoko ikuspegia eta lasaitasuna ditugulako.
Donostiako zein jatetxe gomendatuko zenuke?
Parte Zaharreko Casa Urola eta Ibaetako Agorregi asko atsegin ditut, bietan beti zerbitzu oso profesionala eman didateako. Zorte handia dugu, hiri honetan egundoko jatetxeak ditugu eta.