"Alerta egoera aprobetxatu dute Firestonen sartzeko"
Salatu dute Donostiako Firestone okupatua husten saiatu direla. Kide batekin hitz egin du Irutxuloko Hitzak, goizean gertatutakoaren berri izateko.
Añorgako Firestone fabrika zaharraren barruan zeuden lagunen arabera, lursaila erosi duen enpresako bi langile joan dira 09:00ak inguruan, eta atzeko atea behartuta sartu dira. Lantegiaren jabeari egotzi diote haiek bidali izana, fabrika husteko asmoz.
Ondoren, Ertzaintza joan da, dena miatu du, eta lantegian bizi diren herritar batzuk identifikatu ditu, baita lantegira babesa ematera joan diren beste herritar batzuk ere.
Salatu dute enpresako langileak baimenik gabe sartu direla eraikinean, eta konfinamendu egoera baliatu dutela barruan sartzeko, “gunea babesteko aukerarik ez dugunean”. 600 euroko isunak jaso dituztela salatu dute, konfinamendu egoeran eraikinera joateagatik.
«Legez kanpoko huste saiakera bat» izan dela salatu dute. Izan ere, konfinamendua hasi baino bi aste lehenago, salaketa bat jaso zuten okupazioagatik, eta, alarma egoeraren ondorioz, prozedura geldi dago.
2015eko maiatzaren 1ean okupatu zuten Añorgako Firestoneren lantegi zaharra 200 gazte inguruk, Eraldia izeneko mugimenduaren bidez. Bi helburu nagusi jarri zituzten: Donostialdeko herri mugimenduaren saretze bat egitea; eta ekoizpenerako bideak langileentzako berreskuratzea, maiatzaren 1eko Langilearen Eguna aitzakiatzat hartuta. Bost urte hauetan lantegi zaharrari bizia eman diote erabiltzaileek, hainbat lantegiren bidez, bizitza alternatiboa posible dela erakutsiz.